Gasteizko Caritasek 4.509 familia artatu zituen 2021ean

  • Caritasek emandako arretaren datuek adierazten dute pobrezia-egoerak hobera egin duela aurreko urteekin alderatuta. Hala ere, desparekotasunak bere horretan jarraitzen du, pertsonen % 80 erabat integratuta baitago lurraldean, baina % 20k baztertuta jarraitzen baitute.
  • Lan-prekarietatea, eten digitala eta kolektibo jakin batzuentzako oinarrizko eskubideen bermerik eza dira pobreziaren gakoak gaur egungo gizartean.
  • Karitate Egunaren esparruan, Caritasek bere kanpaina aurkeztu du: “Ematen duguna gara. Maitasuna gara”, Espainiako Caritasen 75. urteurreneko ospakizunen barruan.

Gasteiz, 2022ko ekainak 15.- Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek guztira 4.509 familia artatu zituen 2021ean (5.488, 2020an), Gasteizko Elizbarrutiko lurraldean. FOESSA Fundazioaren kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 13.527 pertsonei iritsi zitzaien Caritasen laguntza  (16.464, 2020an). Osasun-larrialdiak eragindako alarma apaltzen ari zen testuinguruan, eta datu makroekonomikoek eta mikroekonomikoek susperraldia erakusten zuten bitartean, urtearen amaieran, baziren familiak eta pertsonak bazterkeria-egoeratik irtetea lortu ez zutenak. Caritasetik hauxe adierazi dute: «oro har, hobeto gaude, baina lehendik gaizki zegoena okerrago dago orain; familia gutxiago artatu ditugu, baina intentsitate handiagoarekin». 2021ean, handitu egin zen izandako elkarrizketen kopurua: 12.392 izan ziren, eta 2020an, berriz, 10.694. Emandako erantzunak 16.468 izan ziren; aurreko urtean, berriz, 11.811. «Ezin gara lasaitu, gure gizartea ez baita denontzat berdina; izan ere, pertsonen % 80 erabat integratuta daude, baina % 20 bazterketa-egoeran bizi dira, eta horiek ezin diegu alde batera utzi”.

Elizbarrutiko Caritasek 2021ean artatutako pertsonen % 66 emakumeak izan ziren. % 40 lanik gabe zeuden, % 28 bizileku- eta lan-baimenik ez duten pertsonak dira, eta harrera-bulegoetara joan ziren pertsonen edo familien % 25 nazionalitate espainiarrekoak dira. Caritasek nabarmendu du, gainera, iaz Caritasek lagundu zien pertsonen edo familien % 43k etxebizitza partekatzen zutela. Datu horrek agerian uzten du familiek zailtasun handiak dituztela oinarrizko eskubide hori eskuratzeko.

Caritasek emandako erantzun ekonomikoen kopuruak ere gora egin zuen 2021ean: 1.515, 2020an, berriz, 1.309 izan ziren. Laguntza horietatik 416 oinarrizko premiei erantzuteko izan ziren. Laguntza horietarako 102.204,46 erabili ziren; aurreko ekitaldian, berriz, 98.359,98 €.

Prestakuntzaren alorreko erantzunak ere gehiago izan ziren 2021ean. Guztira, 1.035 lagunek hartu zuten parte Prestakuntza Sailak bultzatutako ikastaroetan (836, 2020an): 638 lagun gaztelania ikastearekin zerikusia duten eskola edo jardueretara joan ziren (637, 2020an); 153 lagun Emakumearen Prestakuntzarako eta Sustapenerako Eskoletara joan ziren (238, 2020an); eta 244 haur edo nerabek hartu zuten parte eskola-laguntzako saioetan (206, 2020an).

Programaka, tailerrek 214 prestakuntza-beka eskaini zituzten (217, 2020an). Laneratzearen atalean, 2021ean, 17 laneratze-kontratu kontabilizatu ziren (18, 2020an): 1, baratzeetako nekazaritza-prestakuntzako programan; 7, Berjantzi kooperatiban, eta 9, Giltza Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

Lan Bila Enplegu Agentziak 864 enplegu-eskatzaile artatu zituen. Lan-bitartekaritzako zerbitzuak 269 eskaintza kudeatu zituen (254, 2020an). Kudeatutako eskaera guztietatik 197 bete ziren (224, 2020an): 154 etxeko zerbitzukoak eta/edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzekoak (198, 2020an); beste 43 eskaera beste sektore batzuetan. Azken datu horrek erakusten du gora egiten ari dela Caritasen Enplegu Agentziara iristen diren eskaintzen kopurua, etxeko lanekin eta pertsonen zaintzarekin loturik ez daudenak.

 

Bestelako datu garrantzitsuak

2021ean, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen gastua 2.583.861,45 €-koa izan zen (2.410.416,85 €, 2020an). Esku-hartze sozialerako erabilitako zenbatekoa 929.859,24 € izan ziren (861.893,66 €, 2020an); enplegu-programetan 894.504,67 € inbertitu ziren (863.952,79 €, 2020an) eta programen animazioan 240.003,94 € (241.983,00 €, 2020an).

Diru-sarrerak 2.831.454,06 € izan ziren (2.711.753,56 €, 2020an). Bazkideen kuotak 411.183,90 €-koak izan ziren; diru-bilketak, 422.192,82 €; dohaintzak, 783.136,14 €; eta erakundeetatik jasotako diru-laguntzak, 477.243,62 €. Larrialdi-kanpainetarako 101.840,00 € jarri ziren. Azken atal horretatik, aipatzekoa da La Palmako sumendiaren erupzioak sortutako larrialdi-egoeran laguntzeko emandako zenbatekoa: 51.401 €.

Iaz 1.334 bazkide izan ziren unean uneko emaileekin batera beren kuotekin eta ekarpenekin Gasteizko Caritasen jardueren zati handi bati eusteko aukera eman zutenak. Caritasen ekintza 708 boluntarioen laguntzarekin bultzatu eta eraman zen aurrera 2021ean, haiek egiten baitituzte akonpainamendu, sentsibilizazio eta animazio komunitarioko lanak, Oinarrizko 36 Caritasek osatutako sareak dituen programen eta zerbitzuen esparruan. 2021ean, Elizbarrutiko Caritasen 150 lagun inguru murriztu zen boluntarioen kopurua; koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz gertatu ziren baja horietako asko.

 

Datuen balorazioa

Caritasen jarduera-txostenak ematen dituen datuen arabera, gizartea ez da denontzat berdina; izan ere, pertsonen % 80 erabat integratuta daude, baina gainerako % 20 baztertuta dago. Caritasek 2020an baino 1.000 familia gutxiago artatu zituen joan den ekitaldian. Migrazio-mugimenduen geldialdiak, enpleguaren datuak hobetzeak edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera aktibatzeak eragina izan zezaketen horretan. Hala ere, azpimarratu behar da, 2020an ia mila familia gehiagorentzat esleitutakoak baino erantzun eta/edo laguntza ekonomiko gehiago behar izan zituztela Caritasek 2021ean lagundu zien familiek. Caritasek aurkeztutako txostenak aipagai duen urtearen amaieran, orokorrean egoera hobetzen ari zela erakusten zuten adierazleek, pandemiaren esperientzia soziosanitario dramatikoaren ondoren. Urteko memoria hau aurkezteko unean, Ukrainako gerrak eta krisi ekonomikoaren mehatxuak ziurgabetasuna ekarri dute berriro ere mundu osora, eta, bereziki, pertsona kalteberenengana. Lan-prekarietateak, eten digitalak eta zenbait kolektibok oinarrizko eskubideak eskuratzeko bermerik ez izateak —bereziki etxebizitza izateko eskubidea— kezka handia eragiten diote Caritasi, eta pobreziaren aurkako lan-ildoak markatzen dituzte Gasteizko Elizbarrutian. Horregatik, Caritasi laguntzen eta Caritasen konfiantza izaten jarraitzeko eskatzen dio Elizbarrutiko Caritasek gizarteari, okerren pasatzen ari diren eta gainerako herritarren elkartasuna hainbeste behar duten pertsonen % 20 horren alde lanean jarraitzeko.

 

Karitate eguna. 75 urte besteak maitatzen.

2022an, Espainiako Caritasek 75 urte egingo ditu gizarteko pertsona behartsuenen alde lanean. 70 Elizbarrutiko Caritasek osatutako Konfederazioak Karitate Eguneko kanpaina (ekainaren 19) aurkeztuko du aste honetan zehar, balioa emanez Elizak Caritasen bitartez garatzen duen karitate- eta gizarte-ekintzaz gizarteak duen pertzepzioari. Kanpainaren leloak, «EMATEN DUGUNA GARA. Maitasuna gara», gonbidatzen gaitu «ospatzera gizaki guztiok gai garela elkartasuna eta eskuzabaltasuna izateko, gure barnetik sortzen baitzaizkigu sufritzen dutenen minaren aurrean hunkitzen garenean».

Kanpaina hori dela eta, tradizioz Corpus Christi egunaren inguruan aurkeztu ohi dena, Elizbarrutiko parrokiek Caritasen jardunari eusteko eskainiko dituzte asteburuko diru-bilketak. Caritasek aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie gizarte bidezkoago baten alde lan komunitarioan parte hartu nahi duten guztiei, beren dohaintzekin lagun dezaten, caritasvitoria.org webgunean jasotako edozein modutan.


Begira MEMORIA 2021


Semana de la Caridad

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak