ELIZBARRUTIKO CARITASEK ETA MANÁCTHA ELKARTEAK ETXEKO LANGILEEN LAN-BALDINTZAK HOBETZEA ALDARRIKATZEN DUTE

Datorren martxoaren 30ean kolektiboaren aldarrikapenen eguna dela-eta, «Langile ikusezinak» sentsibilizazio-kanpaina abiaraziko dute.


AFIXA/CARTEL – Etxeko langileen nazioarteko eguna – 2025eko martxoaren 30a


Aste honetan, Elizbarrutiko Caritasek bat egin nahi du etxeko eta zaintzako lana ikusaraztearekin eta lan hori egiten duten pertsonen lan- eta soldata-baldintzak hobetzeko aldarrikapenekin. Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna gertu izanik, Caritasek eta Manáctha Elkarteak manifestu bat prestatu dute kolektiboaren proposamenak jasotzeko.

Testuan azpimarratzen da etxeko langileek sektore ekonomiko garrantzitsu bat osatzen dutela, eta, haren bidez, lan-merkatuaren funtzionamendu eraginkorrari eta hazkunde ekonomikoari laguntzen zaiela: «Etxeetako zaintza- eta mantentze-lanei esker, horiek kontratatzen dituzten pertsonek laneko betebeharrak eta betebehar pertsonalak bete ditzakete, edo atseden hartzeko denbora izan dezakete. Horregatik, ahotsa altxatu nahi dugu, eta lanbide hau gizartean aintzatetsi egin behar dela ikusarazi, etxeko eta zaintzako lanek bizitzari eusteko daukaten garrantzia handia baita».

Zenbait datu

Kolektibo honek emakume-aurpegia dauka. Gizarte Segurantzak Espainiako etxeko lanari buruz 2023an jasotako datu ofizialetan ikusten denez, emakumeek betetzen dituzte postuen % 95, eta langileen % 45 egoera erregularrean dauden emakume atzerritarrak dira. Etxeko langile moduan lan eginik egoera administratibo irregularrean dagoen emakume-kopuru handia estatistika ofizialetatik kanpo geratzen da. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022ko abenduan, 26.973 emakume zeuden afiliatuta etxeko enpleguaren erregimen berezian; haietatik, % 42 atzerritarrak ziren.

Bestalde, 2024. urtean, Gasteizko Caritaseko Lan Bila Enplegu Agentziak 362 pertsonari eskaini zien lan-bitartekaritza; haietatik, % 92,82 emakumeak ziren. Caritasen zerbitzu honetan beste datu batzuk ere jaso dira, hala nola artatutako pertsonen egoera administratiboari buruzkoak: % 31,77k NA daukate; % 50ek, AIZ; % 13,53k lan egiteko baimena ematen ez duen egoitza-baimena daukate, eta % 4,70ek pasaportea. Etxeko enpleguko 193 lan-eskaintza kudeatu ziren: % 31,61 barneko erregimenekoak. Kontratu-motari dagokionez, % 30,97k lanaldi osorako sinatu zuten (% 69,03k lanaldi partzialerako).

Oraindik badago zer egin

Azken urteotan, hobekuntzak egin dira etxeko langileen lan-baldintzei eta Gizarte Segurantzari dagokienez, hala nola langabezia-prestazioa jasotzea, arrazoi justifikaturik gabe kaleratzeko aukera ematen zuen atzera-egitearen figura desagertzea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata pixkanaka igotzea, besteak beste. Aurrerapen horien ondorioz, ordea, kontratazioaren kostuek gora egin dute eta izapide gehiago egin behar dira, eta Administrazioak ez ditu behar adinako laguntza-neurriak hartu, beste jarduera-sektore batzuetan bezala. Manifestuak hala dio: «Sektore honen duintasuna eta balio profesionala aintzatesten badira, kontratatzeko erraztasunak eman behar zaizkie enplegu-emaileei eta familiei».

Sentsibilizazio-kanpaina honen bidez, Caritasen Lan Bila Enplegu Agentziak eta Manáctha Elkarteak agerian jarri nahi dute oraindik asko dagoela egiteko eskubide guztiak gainerako langileenekin parekatzeko. Kanpainaren zentzua jasotzen duen manifestuan, bereziki azpimarratzen dira barneko erregimenean etxeko langile moduan lan egiten duten emakumeen lan- eta soldata-baldintzak. Kasu askotan, gainera, mendekotasuna duten pertsonak artatzen dituzte: berrogei ordutik gorako lanaldiak egiten dituzte astean, eta eguneko hogeita lau orduetan eska dakieke lan egiteko, lan egiten duten lekuan bizi direlako; legez atseden hartzeko egunean dagozkien bi orduak ez dira nahikoa, ez dira beti errespetatzen, eta, sarritan, beren gain hartzen dute, bakar-bakarrik, senitartekoak izan gabe mendekotasun handia duten pertsonak zaintzeko erantzukizuna. Gainera, isolatuta lan egiten dute, beren eskubideei buruz informatzeko edo galdetzeko aukera gutxirekin.

Aldarrikapen gehiago

Kontrataziorako pizgarriaz eta barneko erregimeneko enplegatuen lan- eta soldata-baldintzen berrikuspenaz gain, kanpainaren alde egiten duten Caritasek, etxeko lanaren duintasuna eta aintzatespena lortzeko lanean ari diren elkarteekin batera, hauek eskatzen dituzte aldarrikapen-aste honetan:

  • Beharrezkoa den sailkapen profesionala, bereizteko etxeko lanak alde batetik, eta pertsonak zaintzearekin lotuta dauden lanak bestetik.
  • Enplegu-emaileen konpromisoa lan-baldintza zuzen eta egokiak sortzeko (kontratua sinatzea, Gizarte Segurantzan alta ematea benetan egingo diren lan-orduekin, dagokion soldata ordaintzea, oporrak eta baimen-egunak).
  • Arlo honetan eskudun/arduradun diren administrazioek etxeko langileen kontratazioetan lan-araudia betetzen dela gehiago zaintzea eta kontrolatzea, Araubide Orokorreko langileekin parekatuta.

Eguna ospatzea

Manácthako kide diren edota Caritasen Enplegu Agentziarekin lotuta dauden emakumeek aldarrikapen horiek egin nahi dituzte, baina baita eguna ospatu ere. Horregatik, datorren larunbatean, denak elkartzeko deia egin dute: Calladita filma ikusiko dute lehenik (Miguel Faus, 2023), eta, ondoren, zineforuma, txokolate beroarekin.


MANIFESTUA – Etxeko langileen nazioarteko eguna – 2025eko martxoaren 30a


 

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak