- Caritas Bizkaia, Caritas Gipuzkoa eta Caritas Gasteizi dagozkien jarduera-memoriekin batera, hiru Caritasek, aldi berean, Caritas Euskadiren 2021eko memoria ere aurkeztu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 15a.- Caritas Euskadi osatzen duten hiru Caritaseko zuzendaritzek, gaur goizean, komunikabideekin, arreta jaso duten familiek dituzten zailtasun nagusiak honoko hauek direla partekatu dituzte:
- Etxebizitza eskuratzea eta mantentzea da kezka nagusietako bat.
- Seme-alabak dituzten familiek zailtasunak dituzte zaintzarako, bereziki, lan egonkor bat eskuratzeko beharra gehitzen bazaio, batez ere, pobrezia-egoeretan, guraso bakarreko familietan… Familia horiek dira pobrezia-egoerek edo laneko ezegonkortasunak gehien kaltetzen dituztenak.
- Kalitatezko enplegu egonkorra eskuratzea. Enplegu prekarioa eta lan ezegonkortasun larria dira artatutako pertsonen ezaugarri nagusiak. Enpleguarekiko kezka oso presente dago.
- Erregularizazio administratiborako zailtasunak, egoera irregularrean dauden atzerriko pertsonen kasuan; erregularizatutako pertsonen kasuan ere bai, bat-batean irregular bihurtzeko beldurragatik. Oztopoa da bizi-proiektuak aurrera eramateko, eta artatutako biztanleriaren zati handi bat lan-munduan hasteko. Kezka hori askoz ere hedatuago dago immigranteen artean.
- Eten digitala, bazterketa-elementu gisa: Eten digitala finkatu egin da, eta bazterketa eragiten du. Administrazioan, bankuetan eta beste erakunde batzuetan digitalizatu egin dituzte kudeaketa asko, eta horrek zailtasuna gehitzen die egoera zailenean dauden pertsonei. Eskubideak baliatzea, zerbitzuak eta prestazioak eskuratzea, lana eskuratzeko aukerak, prestakuntza jasotzeko aukerak edo lehen mailako izapide burokratikoak egin ahal izatea oztopatzen dira, egoera zaurgarrian dauden pertsonek ez dutelako behar adinako trebeziarik, ezta gailu egokirik eta behar adinako daturik ere. Zentzu horretan, pandemiaren aurretik baino are gehiago murriztu dira aukerak. Atzerapen argia da zerbitzu eta prestazio horiek gehien behar dituzten pertsonentzat.
- Bakarrik eta isolatuta zeuden pertsonen egoera larriagotu egin zen konfinamenduan. Arazo sozial gehien dituzten pertsonek isolamendu soziala jasaten dute, eta aukera gutxi izaten dituzte elkarteetan eta politikan parte hartzeko. Hori gakoetako bat da egoera hauek guztiak ulertzeko. Bakardadeak, loturarik ezak eta gutxi ahaldundutako norberaren irudiak are gehiago ahultzen ditu gure inguruko pertsona askok haien bizi-baldintzak zehazten dituzten arrazoiak eraldatzeko dituzten aukerak. Konfinamenduaren ondorioz sakondu egin da isolatze hori, eta gutxiagotu egin dira pertsonen harremanak.
Horrekin guztiarekin, erakundeak nabarmentzen du beharrezkoa dela aktibazioarekin laguntzen duten pertsonek beren egoeratik ateratzeko egiten duten ahalegina aintzat hartzea: «Pertsonei laguntzen eta haiekin lan egiten dugun esperientzian oinarrituta, horiek aurrera ateratzeko egindako ahalegina baiezta dezakegu: lana bilatzeko aktibatuz, prestakuntza jasoz, haien trebetasunak hobetuz, familia zainduz eta jakintzak, kezkak, ideiak, ekintzak… partekatuz. Egunero-egunero aurrera irteteko egiten duten ahalegina nabarmendu nahi dugu. Gizartearen zati batean normalean gailentzen diren estereotipoetatik urrun, familia askok eta askok egunero aurrera irteteko egiten duten ahalegina aldarrikatu nahi dugu, egungo testuingurua zaila eta aukera gutxi izan arren».
Jarraian, Euskadiko Caritasen memoriari buruzko datuak: