Etxebizitza, eten digitala, lan-prekarietatea eta familien babesa dira Caritasen kezkak 2021eko balantzean

Elizbarrutiko Caritasek etxebizitza eskuratzeko zailtasunari erantzuteko politika publiko sendoak martxan jartzera dei egin du, baita eten digitala murrizteko neurriak hartzera ere.

Erakunde katolikoak familiak babesteko politiketan inbertitzeari lehentasuna emateko eskatu du. Era berean, migratzaileekiko berdintasuna eta elkartasuna sustatzeko neurriak hartzeko eskatu du.

Caritasek, gainera, lan duinerako eskubidea bermatuko duen ekoizpen-eredua aldarrikatu du.

“Aurtengo Gabonetan, estalpe guztiak dira garrantzitsuak” lelopean, Caritasek Gabonetako ohiko kanpainari ekin dio, familia ahulenei elkartasuna adierazteko deia eginez.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.- 2021eko azken zatian, Elizbarrutiko Caritasek azken hilabeteetan egindako lanaren balorazio orokorra egin du, bai eta artatutako familiek planteatutako beharrei erantzuteko duen gaitasunaren balorazioa ere. Lehen irudipenekin —ebaluazio osoa egiteko datu eta jarduera guztiak eduki aurretik—, erakundeak lehen datuak eskaini dizkio Gasteizko Elizbarrutiaren lurralde osoari, bai eta identifikatu dituzten erronkak ere, datorren urteko jarduerak markatuko dituztenak.

2021eko behin-behineko balantzea

Urriaren 31n eskuragarri dauden datuen arabera, 10.115 elkarrizketa egin ziren, iaz baino zertxobait gehiago. Aurreko urteko hilabete berean, Caritasek 3.000 pertsona/familiari ematen zien laguntza.

Laguntza ekonomikoetara bideratutako zenbatekoa ere handitu da, eta 355.000 € ingurukoa izan zen urriaren amaieran. Laguntza ekonomikoa handiagoa izan den hilabeteetan, hilean 45.000 €-tik gorakoa izan zen. Artatutako pertsonen profilari dagokionez, batez ere migratzaileak eta emakumeak izan dira. Eskaririk ohikoenak honako hauek izan dira: etxebizitzarekin lotutakoak (sarbidea, horniduren ordainketa, alokairuak…); migratzaileak erregularizatzeko beharra, gizarteratzeko eta baliabideak eskuratzeko bide gisa; eta Interneterako eta hezkuntza-esparruan eskatutako gailuetarako sarbidea, baita digitala ez den beste aukerarik eskaintzen ez duten izapide administratiboak egiteko gailuetarako sarbidea ere.

Eskuragarri dauden datuen lehen balioespenari esker, gizarte barruko desberdintasunaren hazkundea egiazta daiteke, eta gure Elizbarrutian pobrezia-egoera kronifikatuak daudela adierazi; izan ere, gizarteratzeko zailtasun nagusia bizitegi-bazterketa da, alokairuko etxebizitza eskuratzeko eskatzen diren baldintzak ezin betetzeagatik eta hileko kuotaren prezio altuagatik.

Caritasek adierazi du osasun-krisiak eragina duela familiek planteatutako arazo guztietan; bereziki, enplegu duina eta etxebizitza lortzeko.

Enplegu‑programei dagokienez, okupazio‑lantegien eta lan‑aurreko lantegien jarduera suspertu egin da, eta ia pandemiaren aurreko normaltasunera iritsi da. Une honetan, 100 pertsona aktibo daude lantegietan.

Lan Bila enplegu‑agentziak, bestalde, 241 lan‑eskaintza kudeatu ditu orain arte, eta lan-eskaintza horien % 82 pertsonak eta etxea zaintzeko izan ziren, eta gainerakoak beste sektore batzuetarako, hala nola, merkataritza, garbiketa, industria, biltegiratzea eta egoitzetako geriatriako laguntzaile izateko, besteak beste. Lana eskatu duten pertsonen % 73,5 emakumeak izan dira.

2021ean, Caritasek batez beste 165 pertsonari eman die formakuntza hilean, eta ikasgela bakoitzeko ratioa 12 pertsonakoa izan da. Osasun‑larrialdiaren aurretik, ratioa 15 pertsonakoa zen. Nabarmentzekoa da eskaera handia izan dela etxeko enpleguko ziurtagiri profesionalak lortzeko eta hizkuntza‑gaitasunean trebatzen dituzten prestakuntzak egiteko. Gaur egun 114 pertsonak parte hartu dute prestakuntza-ekintza horietan.

Boluntariotzari buruzko datuek pandemiaren eragina nabaritzen jarraitzen dute. Ia ehun pertsona gutxiago ari dira boluntario-lanetan. Hala ere, Caritasek eskertu nahi du eskola‑laguntza emateko boluntarioak erakartzeko irailean egindako kanpainari emandako erantzuna. Horri esker, 39 boluntario gehiago daude Caritasen. Kanpaina horrekin izandako esperientziak berritu egiten du Caritasen jardunera pertsonak batzen jarraitzeko erakundearen konfiantza.

2022ko lan-ildoak

Zerbitzu eta programetan garatutako ekintzatik jasotako datuek eskaintzen duten emaitzari esker, Caritasek artatzen dituen familietan eragin zuzena duten sistemaren gabeziak identifika daitezke. FOESSA Fundazioaren “2021eko analisiak eta ikuspuntuak” txostenak gizarte gisa heldu beharreko erronka batzuk aipatzen ditu. Horien artean:

  • Politika publiko nahikoen eta eskubideak gehiago bermatzen dituen etxebizitza‑hornidurako sistema publikoaren premia larria.
  • Interneterako sarbidea kalitatez bermatzen duten neurriak bultzatzea, bai eta ikasteko eta/edo lanerako beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren gailuetarako sarbidea ere.
  • Berdintasun‑ eta elkartasun‑politika sendoak biztanle migratzaileentzat, gizarte‑maila behartsuenetan baitaude.
  • Lanari duintasuna itzultzea, enplegu duina sortuz, lan‑egonkortasuna eta lan‑baldintza duinak bermatuko dituen ekoizpen‑eredua sustatuz.
  • Lehentasuna ematea haurtzarora eta familiara bideratutako politiketan inbertitzeari, hartzen diren neurriek eragin mesedegarria izan dezaten pobreziak eragindako hemezortzi urtetik beherako biztanlerian.

Erronka horiek Elizbarrutiko Caritasen eguneroko errealitatean ere identifikatu dira, eta Elizaren karitatezko eta gizarteko erakundeak egiten duen lana inspiratzen eta bideratzen dute, inguruko familia behartsuenei laguntza eta babesa ematen laguntzeko. Helburu horrekin, Gasteizko Caritasek plan estrategiko bat garatzeko bidean jarraitzen du, eta bertan erakundeko estamentu guztiek parte hartzen ari dira. Plan horren helburu nagusia pobrezia‑errealitate berriek planteatzen dituzten beharrei erantzun hobea ematea da.

Elizbarrutiko Caritasen plan estrategikoa hiru ardatzen inguruan eratzen ari da: kristau-elkartea, Caritasera joaten diren pertsona eta familientzako lehen harrera‑gune gisa, erakundearen egitura berrikustea eta berriz diseinatzea, eta boluntariotza indartzea Caritasen ekintzaren eragile gisa. Berrikusketarekin eta diseinuarekin konprometitutako talde guztien baterako lana, hala egiturarena nola berritze‑prozesu horren ondoriozko lan‑ildo berriena, Caritasen Batzarrak (erabaki‑organo gorena) onetsi beharko du datorren ekainean.

Aurtengo Gabonetan, estalpe guztiak dira garrantzitsuak #CadaPortalImporta

Gabonak gertu daudenez, Caritasen ohiko kanpainak hilabete amaierara iristen ez diren milaka familiaren estalpetan arreta jartzeko deia egiten du, ez mandorik eta ez idirik ez duten estalpe horietan. Aurtengo Gabonetan, estalpe guztiak dira garrantzitsuak lelopean, Caritasek zailtasun‑egoerak identifikatzera animatzen gaitu, baita estalpe guztietan, komunitate guztietan, gaizki pasatzen ari diren pertsona eta familia horiekiko hurbiltasun‑ eta elkartasun‑jarrerak izatera ere. Gizarte zauritu, askoz pobreago, hauskorrago eta ahulago baten aurrean, beharrezkoa da eskuzabaltasuna praktikan jartzea.

 


Caritasen Gabonetako kanpaina, HEMEN

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak