- Bizitegi-aukera gutxi izateak eragin zuzena du gizarteratze-prozesuetan.
- 2024ko balantzean, Caritasek elkartasuna eskatu du jarduerari eusteko eta bere zerbitzuen eta programen bidez itxaropena ematen jarraitzeko.
Abendu guztietan bezala, urtea amaitzeko egun gutxi falta direnean, Elizbarrutiko Caritasek hilabetetan zehar egindako lanaren balorazio orokorra egin du, eta aurreikusitako lan-ildoak aurkeztu ditu, elizbarrutian gaizki pasatzen diren pertsona askori laguntzen jarraitzeko. Behin-behineko datuak eta egindakoari buruzko lehen iritziak kontuan hartuta, Caritasek argi eta garbi adierazi du zein den pobrezia-egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko oztopo nagusia: etxebizitza eskuratzeko zailtasuna.
Joan den urrian —Etxerik Gabeko Pertsonen kanpainaren harira— emandako datuen arabera, etxebizitza-ezegonkortasunari lotutako berrehun egoera inguru artatu ziren Caritasen bulegoetan: etxe desegokiak, kalean bizitzea, etxebizitza ez seguruak, osasungarritasun-falta…, eta, horiekin batera, erroldatzeko zailtasunak, atzerritarrentzako traba administratibo edo legalak, aurreiritziak, tentsioak, pilaketaren ondoriozko elkarbizitza-arazoak, sufrimendu emozionala… Aurkeztutako txosten monografikoan, gainera, Caritasek adierazi zuen egoitza-bazterkeria ikusezinagoa dela emakumeen kasuan; izan ere, emakumeek, kaleak haientzat dakarren arrisku erantsiaz jabetuta, diagnostikoa eta erantzunak ematea zailtzen duten alternatibak bilatzen dituzte. Bestalde, etxebizitza duten familia askok beren aurrekontuaren gero eta ehuneko handiagoa erabili behar dute etxebizitza ordaintzeko, eta hazkunde geldiezin horrek, oinarrizko gastuei aurre egin ezin dietenez, bazterkeria jasateko arriskua areagotzen du.
Zenbait datu
Azaroaren 30era arte, Elizbarrutiko Caritasek 21.049 elkarrizketa egin zituen, eta 3.516 familia-unitateren aldamenean jardun zuen haien bizi-prozesuetan. Esku-hartzeko bulegoetan jasotako eskari ohikoenak etxebizitzarekin, elikadurarekin, arroparekin eta oinarrizko premiak asetzearekin lotuta egon ziren.
Jasotako eskariei erantzuteko, laguntza ekonomikoetara bideratutako kopurua 438 515,10 €-ra iritsi zen azaroaren amaieran. Artatutako pertsonen profilari dagokionez, migratzaileak eta emakumeak gehiengoa dira oraindik ere. Emakumeak Hego Amerikatik datoz gehienbat; gizonak, berriz, Afrikako iparraldetik.
2024ko jarduera nagusiak
Gizarteratze soziolaborala. Lan-aukera berriak bilatzeko etengabeko konpromisoaren barruan, Caritasek Arabako Merkataritza Ganberak bultzatutako proiektuan parte hartu zuen. Proiektu horren helburua pertsonak prestatzea da, enpresek eskatzen dituzten profilekin bat etor daitezen. Proposamen horretan, Caritasek aukera ikusi zuen egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko bide bat irekitzeko. Caritasek prestakuntzan sartzeko profilen aurre-hautaketa egin zuen, eta proiektuan sartu zirenei kudeaketa administratiboetan edo gaikuntza pertsonaleko beharretan lagundu zien. Bestalde, 2024an finkatu dira landagunean laneratzeko oinarrizko ikastaroak; konpromiso horrek indartu egin du Caritasek herrietan horrelako aukerak zabaltzeko egindako apustua.
Caritasek landaguneetan egindako jarduerari dagokionez, atzo bertan jardunbide egokien aitorpena jaso zuen gure erakundeak Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan, Arabako Errioxan migratzaileekin egindako lanagatik.
Lanagroren lehenengo urteurrena. Lanagro Servicios etxearen —Caritasek eta ENDAA elkarteak sustatua— lehen urteurrena ospatu genuen aurten. Sasoikako lanaren esparruan, prestakuntza eta lana egonkortzeko aukerak eskaintzen ditu Lanagrok. Ibilbidearen lehen urtea ospatzeko, Lanagroren jarduerarekin lotutako erakundeetako eta enpresetako ordezkariak bildu ziren Moredan (Arabako Errioxa), egoitza dagoen herrian hain zuzen, eta inguruko Caritaseko eragileak ere bertaratu ziren, proiektua bistaratzeko eta informazioa eskaintzeko. Urte honen hasieran, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Berrikuntzako Saria eman zioten Lanagrori.
Larrialdi-kanpainak. Urtearen azken zatian, DANA baten erruz, uholde larriak izan ziren Valentzian, Albaceten eta Cuencan. Larrialdi-egoera horrek elkartasun handia eragin zuen, eta Caritasek dohaintzak jaso zituen kaltetutako pertsonak eta haien bizibideak berreskuratzen laguntzeko. Azaroaren amaieran, Elizbarrutiko Caritasek 180.000 euro helarazi zizkion Espainiako Caritasi (lurralde horietako Caritas etxeekin etengabeko koordinazioan), lehen bidalketa batean. Gaur arte, 332 473,27 € bildu dira guztira, Caritasengan konfiantza jarri duten pertsonei esker.
Elizbarrutiko Caritaseko emaileen aldetik, ekarpen gehien jaso duen kanpainetako bat Lur Santuko gerra izan da. Oraingoz, gatazkaren lurraldean lanean ari diren Caritas etxeek 56 092 €-ko laguntza ekonomikoa jaso dute.
2025erako lan-ildoak
Etxebizitza. Elizbarrutiko Caritasek aurkeztutako azken txostenen arabera, proposamenak garatu behar dira, etxebizitza eskuratzeko arazoari benetako konpromisoz heldu ahal izateko. Bide batez, Gasteizko Caritasek Bizitokiko Laguntza programa indartzen jarraitzera bideratuko ditu bere baliabideak, eta, aldi berean, Elizbarrutian artatutako pobrezia- edo bazterkeria-egoera gehienek dituzten zailtasunei nola erantzun aztertzen jarraituko du.
Zeharkako genero-ikuspegia. Aldaketa-prozesuan dago Caritas, Plan Estrategikoa ezartzen ari baita. Egoera horretan, jarduera-eremu guztietarako prestatzea eta errealitateari etengabe behatzea funtsezkoak dira esku-hartze egokienen diagnostikoa eta diseinua bideratzeko. Testuinguru horretan kokatuta dago genero-begirada pobreziaren errealitate desberdinetan aplikatzeko konpromisoa. Pobreziaren profila emakumea da oraindik, eta Elizbarrutiko Caritasi dagokio genero-ikuspegiak ekar dezakeen informazioari erne egotea; izan ere, bazterkeria-egoeren azterketa sakonago bat txertatzeko aukera eman dezakeen informazio erantsi guztia baitzaigu baliagarri. Informazio horrek ondorio desberdinak eta gako desberdinak ekarriko dizkigu, eta horiek baliatuko ditugu bidelagun jarduteko.
Landa Topaketaren 25 edizio. Elizbarrutiko Caritasen azterketarako eta hausnarketarako guneak hogeita bosgarren edizioa ospatuko du datorren urtean. Jarduera horrek hainbeste urte irauteak argi utzi du zer-nolako interesa duten landa-eremuko Caritaseko boluntarioek beren errealitate sozialari heltzeko eta herrietan bazterkeria-egoerei hobeto erantzuteko lanean jarraitzeko. Azken urteetan Landa Topaketan jorratutako gaien artean, parte-hartzea, karitatearen erantzukizun soziala, zaintza-komunitateak edo landa ingurunearen orainari eta etorkizunari aurrez aurre begiratzeko beharra daude, besteak beste.
Atzerritarrei buruzko Araudiaren Erreforma. Datozen hilabeteetan indarrean sartuko diren aldaketek aukera berriak eskaini diezazkiekete dokumentu-irregulartasuneko egoeran dauden pertsonei. 2025ean, Elizbarrutiko Caritasek araudi berriaren kudeaketari erreparatuko dio, eta, bereziki, prozesuei laguntzeko Ministerioak proposatzen dituen jarraibideei. Horrela, araudiaren erreformak benetan egingo die mesede pertsonei. Caritasek, era berean, Legebiltzarrean aztertzen ari den Legegintzako Herri Ekimena ezinbestekoa dela azpimarratzen jarraituko du; izan ere, proposamen horrek erantzuna emango lieke atzerritarrei buruzko egungo araudiak eskaintzen dituen ohiko bideetatik erregularizatu ezin diren profilei.
Hurbil egotea, hori ere bada gabonak ospatzea
Horixe da Caritasek Eguberri hauetan plazaratu duen kanpainaren mezua. Gabezia- edo zailtasun-egoeran dauden pertsonei hurbiltasuna eskaintzeko gonbidapena da. Caritasen kanpainak itxaropen-mezua zabaltzen die guztiei, pertsonen arteko topaketak benetako Eguberriak bizitzeko aukera bat ematen digun une honetan. Caritasetik, «maitasunez eta itxaropenez betetako Eguberriak opa dizkizugu, gehien behar dutenekin lankidetzan aritzea esker ona eta poza emateko beste arrazoi bat izan dadin».
Elizbarrutiko Caritasen jarduerari ezin izango genioke eutsi Caritasengan konfiantza dutenen ekarpen ekonomikorik gabe. Errealitate anitzei laguntzeko modu horretan sinesten dutenak dira gure euskarri. Caritasen lana babestu nahi dutenek gure webgunean (caritasvitoria.org) topatuko dute dohaintzak helarazteko ohiko bideen berri.