• Joan den urtean 33 lagunek jaso zuten prestakuntza Caritasek Amurrio, Urduña, Oion eta Gasteiz udalerrietan dituen baratzeetan.
  • Caritasek lan-merkatuan txertatzeko arazoak dituzten pertsonei lanera bideratzeko eta gizarteratzeko eskaintzen dien prozesuaren parte da baratze-tailerra.
  • Boluntarioek funtsezko laguntza eskaintzen dute prestakuntza-prozesuan.

Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.- Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek boluntarioak behar ditu, lanean hasi aurreko baratze-tailerretan prestakuntza jasotzen duten pertsonei laguntzeko. Oinarrizko trebetasunak eskuratzea, gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatzea eta laborantza ekologikoari buruzko ezagutzak edukitzea Caritasek lan-merkatuan txertatzeko arazoak dituzten pertsonei eskaintzen dien enplegagarritasuna hobetzeko prozesuaren parte da.

  1. urtearen joanean, 33 lagunek hartu zuten parte Caritasek Elizbarrutiaren lurraldean kudeatzen dituen baratze-tailerretan, zehazki, Amurrio, Urduña, Oion eta Gasteiz udalerrietan. Une honetan, hau da baratzetara joaten diren pertsonen profila: 22 eta 62 urte bitarteko gizonezkoa, gehienek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak homologatu gabe dituzte eta % 88 dokumentazio-egoera irregularrean daude.

Boluntarioen egitekoak

Caritasen funtsezkoa da boluntarioen lana, gizartean babes gutxien duten pertsonen gizarteratze- eta laneratze-prozesuak laguntzera bideratutako programak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Zehazki, baratze-tailerrerako, lurra, laboreak eta landareak zaintzera eta enplegua lortzeko trebakuntza-prozesu baten parte modura baretzeetan prestakuntza jasotzen ari direnekin konfiantza- eta laguntza-harremana edukitzera beren denboraren zati bat eskainiko dioten pertsonak behar ditu. Gaztelaniaz hitz egiteko eta ulertzeko maila baxua dutenei dagokienez, baratzean boluntarioa ondoan izatea oso baliagarria eta aukera paregabea da hizkuntza ikasten eta praktikatzen laguntzeko. Une honetan, Caritasek 7 boluntario ditu egiteko horrekin konprometituta.

Tailerreko jarduera

Tailerreko jarduera astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara izaten da Caritasen lau baratzeetan. Jarduera horrekin konpromisoa hartu nahi duten boluntarioek egun horien eta ordutegi horren barruan egoki iruditzen zaien denbora eskaini behar dute; horrezaz gain, beharrezkoa da baratzeko lanen inguruko oinarrizko ezagutza edukitzea, prestakuntza jasotzen ari diren pertsonak orientatzeko zereginetan. Baratzeetan arituko diren boluntarioek koordinatzaile eta begirale teknikariaren laguntza izango dute; teknikari hori astean behin joaten da baratzeetara, jardueraren jarraipena eta tailerrean parte hartzen ari diren pertsonen prestakuntza-prozesuaren jarraipena egiteko.

Baratzeko jarduerari buruzko informazio gehiago eta boluntario aritzeko alta eman nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 747 47 94 52 (Araceli).

Testigantzak

Baratze-tailerrerako boluntarioak erakartzeko kanpaina dinamizatzeko, Enplegu Programak tailerreko jarduera zertan datzan azaltzeko hiru bideo prestatu ditu, hiru ikuspegi kontuan hartuta: Victorrena, Urduñako baratzean prestakuntza jasotzen ari dena; Youssef-ena, Oioneko baratze-tailerrean prestakuntza jaso ondoren Guardiako upeltegi bateko jatetxean lanean ari dena; eta Rosarena, Urduñako baratzeko boluntarioarena. Testigantza horien bidez, hiru pertsonaren bizipenen berri izango dute tailerretan boluntario aritzeko asmoa dutenek; horrezaz gain, testigantzek agerian uzten dute zergatik den beharrezkoa laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuak eskaintzen jarraitzea, eta, nola ez, Caritasek baratzeen bidez eskaintzen duena eskaintzen jarraitzea. Gasteizko Caritasen YouTube kanalean argitaratu dira bideoak, eta Gasteizko Caritasen sare sozialen bidez ere zabalduko dira, kanpaina ezagutzera emateko.

Prestakuntza- eta lan-arloko ibilbidea

Caritasek Elizbarrutian dituen esku-hartzeko bulegoek bideratutako pertsonek hartzen dute parte baratze-tailerrean. Baratzeetan prestakuntza jaso ondoren, Caritasek prestakuntza espezifikoa eskaintzen die, nekazaritzako lanak egiteko haien ezagutza eta trebetasuna zabaltze aldera. Behin prestakuntza-ibilbidea amaitutakoan, tailerretan parte hartu duten pertsonek Caritasen Lan Bila Enplegu Agentziaren lan-poltsan ematen dute izena, lan-kontratu baterako aukera sortu zain. Duela gutxi eratutako Lanagro* laneratzeko enpresaren bidez, gainera, lehen sektoreko kontratazioetarako beste aukera batzuk sortu dira.


*Lanagro Servicios enpresa Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek eta ENDAA erakundeak sustatuta eratu den laneratzeko enpresa bat da; ENDAA erakundea lehen sektorean espezializatuta dago, zerbitzu profesionala eskaintzen die enpresei eta kontratatzen diren pertsonen enplegu-egonkortasunaren aldeko apustua egiten du.


INFORMAZIO HORRIA

Baratze tailerra – TRIPTIKOA

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak