- Boluntarioei astean bi orduko konpromisoa eskatzen zaie, eta gaitasuna izatea eskola-laguntza eta -errefortzua eskaintzeko euskaraz edo/eta gaztelaniaz.
Ikasturte hasieran, Gasteizko Elizbarrutiko Caritas gizarteari laguntza eske datorkio berriro, lan zehatz baterako: ikasketetan desfasaturik dauden haurrei eta nerabeei laguntzea. “Dakizuna partekatu” kanpainaren barruan, Haurtzaro Programako Ikasketetan Lagundu jardueran, Caritasek boluntario modura lan egiteko deialdia egiten du. Boluntario-lan horrek astean bi orduko konpromisoa eskatzen du. Caritasen eskola-laguntzan boluntario modura lan egiteko interesa duzuenok informazioa eska dezakezue 688 64 65 13 telefono-zenbakian, edo helbide elektroniko honetara idatzita: animacioneste@caritasvitoria.org
Ikasketetan Lagundu jarduera
Jarduera hau abian jarri zuen unetik bertatik, Caritasek beti kontuan izan du ikastetxeei eta erakundeei dagokiela ikasketetan desfasaturik dauden ikasleek dituzten zailtasunei erantzutea. Baina dauden laguntzak ez dira nahikoa lurraldean dauden arazoei erantzuteko. Horregatik, Caritasek, bere boluntarioen bidez, esku hartzea erabaki zuen, eta, hala, nahikoa baliabide ekonomikorik eta familia-baliabiderik ez duten familien haurrei laguntzen die; beraz, horixe da ezinbesteko baldintza boluntarioen laguntza jasotzeko.
Ikasketetan Lagundu jardueran, ikasketetan atzeraturik dabiltzan baina profesional baten esku-hartze espezifikorik behar ez duten haurrekin lan egiten da. Helburua da erantzun bat ematea haur horiek dituzten zailtasunei, dela arlo teknikoan, dela ohituren arloan, eta motibazio eta eskola-laguntzako prozesu bat garatzea, haien errendimendua hobetzeko, eta motibazio falta, absentismoa eta eskola-porrota eragozteko. Aldi berean, prestakuntza-saioak eta laguntza pertsonalekoak egiten dira haur horien familiekin, eremu soziofamiliarra eta horren babes-sarea indartzeko helburuarekin.
Lan-dinamika: ikasketa-saio pertsonalizatuak izaten dira, astean bi saio, banakakoak edota talde txikietan, ahal dela, ikastetxe eta gela bereko haurrekin. Boluntarioek, besteak beste, ikasketa-teknika sinpleak erabiltzen dituzte, hala nola ulermenezko irakurketa eta eskemak egitea. Laguntza-saio bakoitzean, boluntarioak lan-giro egokia sortzen saiatzen da, haurra gustura eta konfiantzaz senti dadin; eta haren jarrera eta errendimendua hobeak izan daitezen. Prozesuaren barruan sartzen dira ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa —bai ikastetxean, bai Caritasen laguntza-saioetan ikasitakoarena—, eta emaitzak familiei helarazten zaizkie aldian-aldian, jakinaren gainean egon daitezen.
Boluntarioen profila: Caritaseko eskola-laguntzako boluntarioek gutxienez 2. graduko Lanbide Heziketako prestakuntza dute. Eta enpatia, erantzukizuna eta jarduerarako zehaztutako egutegia betetzeko konpromisoa eskatzen zaizkio. Boluntario bakoitzari hastapen- eta sendotze-ikastaroak ematzen zaizkio, bai eta lanerako orientazioa eta materiala.
Zenbait datu
2022. urtean, Ikasketetan Lagundu jardueraren barruan, guztira 291 haur eta neraberi lagundu genien, eta 113 boluntariok parte hartu zuten beren denbora eta ezagutzarekin. Une honetan, Haurtzaro Programak Arabako 46 ikastetxerekin koordinatuta lan egiten du.
Kanpaina: DAKIZUNA PARTEKATU. Egin zaitez boluntario ikasketetan laguntzeko