DAKIZUNA PARTEKATU

Egin zaitez boluntario ikasketetan laguntzeko

Ikasturte hasieran, Gasteizko Elizbarrutiko Caritas gizarteari laguntza eske datorkio berriro, lan zehatz baterako: ikasketetan desfasaturik dauden haurrei eta nerabeei laguntzea. “Dakizuna partekatu” kanpainaren barruan, Haurtzaro Programako Ikasketetan Lagundu jardueran, Caritasek boluntario modura lan egiteko deialdia egiten du. Boluntario-lan horrek astean bi orduko konpromisoa eskatzen du. Caritasen eskola-laguntzan boluntario modura lan egiteko interesa duzuenok informazioa eska dezakezue 688 64 65 13 telefono-zenbakian, edo helbide elektroniko honetara idatzita: animacioneste@caritasvitoria.org

Lan-dinamika: ikasketa-saio pertsonalizatuak izaten dira, astean bi saio, banakakoak edota talde txikietan, ahal dela, ikastetxe eta gela bereko haurrekin. Boluntarioek, besteak beste, ikasketa-teknika sinpleak erabiltzen dituzte, hala nola ulermenezko irakurketa eta eskemak egitea. Laguntza-saio bakoitzean, boluntarioak lan-giro egokia sortzen saiatzen da, haurra gustura eta konfiantzaz senti dadin; eta haren jarrera eta errendimendua hobeak izan daitezen. Prozesuaren barruan sartzen dira ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa —bai ikastetxean, bai Caritasen laguntza-saioetan ikasitakoarena—, eta emaitzak familiei helarazten zaizkie aldian-aldian, jakinaren gainean egon daitezen.