Gasteizko Elizbarrutiak larrialdi humanitarioetarako harrera-plan koordinatua ezarri du

  • Gasteizko apezpikuak, Juan Carlos Elizalde jaunak, Maite Sebalek Caritaseko zuzendariak eta Ramón Ibeasek idazkari nagusiak proiektu honen xehetasunak azaldu dituzte prentsaurrekoan, bai eta Espainiara iristen ari diren errefuxiatu ukrainarrentzat aktibatzea ere.
  • Elizbarrutiko Caritas, Migrazioen saila, Berakah eta Gasteizko Espainiako Fededunen Konfederazioa modu iraunkorrean elkartzen dira egungo eta etorkizuneko migrazio-erronkak kudeatzeko, administrazio publikoekin lankidetzan.
  • Hona iristen diren eta babes publikoa ez daukaten pertsonentzat, Arabako Elizak bere bizitegi-, heziketa-, lan-, ekonomia-, gizarte- eta osasun-baliabideak eskaintzen ditu, integratzeko aukerak emateko.

Gasteiz, 2022ko apirilaren 6a. Otsailaren 24ko Ukrainako errusiar inbasioaren ondorioz, milioika ukrainar lekuz aldatu izan behar dira. Horietako askok herrialde mugakideetan gerizatzea erabaki dute; beste batzuk, ordea, Europako hainbat eskualdetan babestu dira.

Alde horretatik, gerraren lehen egunen ostean, Gasteizko Elizbarrutiak egoitza-baliabide guztiak eskuragarri jarri zituen gerratik ihes egiten ari ziren pertsonentzat. Baliabide horiek modu berezian egokitu dira larrialdi humanitario honetarako. Modu zuzenean gauzatu ahal izateko, Gasteizko apezpikuak, Juan Carlos Elizalde jaunak, hainbat elizbarrutiko sail deitu zituen harrera koordinatzeko eta jarrera integratzailea emateko, batez ere jakinda pertsona horien iritsiera ez zela epe laburrerako izango soilik.

Hala, Elizbarrutiko Caritasek, Migrazioen sailak eta Gasteizko Espainiako Fededunen Konfederazioak, San Bizente elizako komunitate greko-katoliko ukrainarrarekin batera gaur egungo egoeraren ondorioz, Harrerarako Elizbarrutiko Mahaia modu iraunkorrean eratu dute eta Ukrainako egoerari premia eman diote. Mahai horren xede nagusia babesa eskatzen iristen diren pertsonak modu koordinatuan hartzeko eta modu diziplinartekoan integratzeko plan bat diseinatzea da. Gasteizko Elizbarrutiak haien jaioterrietako egoera lazgarrietatik ihes egiten duten pertsonak hartuko dituen larrialdi humanitario guztietarako aktibatuko da. Bikario nagusia izango da koordinatzailea.

Gasteizko apezpikuak, Juan Carlos Elizalde jaunak, proiektu hau aurkeztu du, lehen aldiz aktibatuko dela aditzera emateko, Ukrainan errusiar inbasioaren ondorioz sortu den larrialdiari aurre egite aldera. “Mahai honen bidez eraginkorragoak izan nahi dugu errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko orduan”, adierazi du. Horrekin batera, atxiki du: “Ukrainatik ihes egiten ari diren pertsonek merezi duten arreta epe ertainerako eta luzerako izan behar da, administrazio publiko guztiekin komunikazioa mantenduz, eta betiere argi izanik haiek sorostea eta haien egonaldian zehar laguntzea lehenetsi behar dela, eta ez hasieran soilik”.

Elizalde monsinoreak Elizbarrutiak larrialdi humanitario guztietarako daukan prestutasuna azpimarratu du. Halaber, herritar ukrainarrak laguntzen ari diren Caritaseko elkarteei laguntzeko diru-bilketa bereziak daudela gogorarazi du, bai eta Gasteizko Elizak tokiko komunitate ukrainarrarekin inbasioaren lehen egunetik izan duen hurbiltasuna ere. “Elizbarrutiko erakunde guztien lana eskertzen dut, bai eta apaizen, fededunen eta eskola katolikoen lankidetza eta solidaritatea ere larrialdi-egoera honen aurrean”. Gasteizko apezpikuak honako hau ohartarazi du, baita ere: “Kristauok ezin dugu beste alde batera begiratu halako sufrimenduaren aurrean, haiek, hau da, baztertuak, azkenekoak, gerraren lazturatik ihes egiten duten pertsonak baitira Kristoren aurpegia”. Horregatik nabarmendu du: “Gehiago ahalegindu behar gara aspaldidanik Elizbarrutiko aterpean dauden pertsonak laguntzen jarraitzeko, eta Europako Ekialdeko krisiaren ondorioz etorriko diren pertsonentzat prestatzeko”.

Elizbarrutiko harrera-plana

Apezpikuaren ondoren, Maite Sebalek Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen zuzendariak hitz egin du. Erakunde horrek kudeatuko du Ukrainatik iristen diren pertsonen harrera eta laguntza, batez ere gerraren ondorioz haien herrialdetik ihes egin duten emakumeak eta umeak. Sebalek adierazi du: “Elizbarrutiko erantzuna, hasieran, gaztelania ikastea erraztean, eskola-laguntzan, bizitokian eta laguntza ekonomikoan zentratuko da, gure herrialdean integratzeko prozesua mantentzeko”. Ukrainako larrialdi humanitarioak eragin dituen familiek laguntza jasoko dute Caritasek eskaintzen dituen zerbitzuen eta programen bidez, Caritasek beren harrera-bulegoetara joaten diren pertsonei erantzuteko erabiltzen duen planteamendu integral berarekin. Gasteizko Elizbarrutiak aurreikusitako hasierako aurrekontua, harrera-plana urtearen amaierara arte mantendu ahal izateko, urteko 300.000 eurokoa da. Kantitate horrekin laguntza ekonomikoen, bizitoki-baliabideen mantentze-lanen eta aurrera ateratzeko behar diren giza- eta materia-baliabideen kostuak estaltzea espero da.

Elizbarrutiak prestatuko dituen bizitoki-baliabideei dagokienez, Caritaseko zuzendariak bereizi egin ditu Elizak modu zuzenean kudeatuko dituen baliabideak eta erakunde eskudunei eskaini zaizkien baliabideak, pertsona ukrainarrak har ditzaten Eusko Jaurlaritzarekin batera. Lehen taldean Ali Etxea dago; Elizbarrutiak egoitza hori erakundeen babesetik at geratu diren familientzat lehen harrera-toki moduan erabiltzea erabaki du. Geroago familia horiek Elizbarrutiaren pisuetara mugituko lirateke, bertan epe zehaztugabe batez bizi ahal izateko, prozesu bakoitzaren arabera. Elizbarrutiak 11 pisu ditu momentu honetan: 7 Gasteizen, 2 Agurainen, 1 Laudion, eta beste bat Berantevillan.

Eusko Jaurlaritzak zuzendutako erakunde-babesa laguntzeko, Ramón Ibeasek azaldu duen moduan, Harrerarako Elizbarrutiko Mahaiak erlijio-erakundeek eskainitako bizitoki-baliabideak gorde ditu; hala nola Presentación de María ikastetxearenak (15 gela), Eskolapioen komunitatearenak (10 plaza) edota Aguraineko Klaretarren komunitatearenak (lokal handiak eskaini ditu beste leku batzuetara mugituko diren pertsonak aldi baterako bizitzeko). “Elizbarrutiak eskainitako bizitokietan egindako egonaldian, familiek auzoko edo herriko komunitate kristauen laguntza eta babesa edukiko dute. Beraz, momentura arte lagundu eta laguntzen jarraituko diguten pertsonen lankidetza eskertzen dugu, bai larrialdi humanitario honetarako prestatu ditugun bideen bidez edo parrokia guztietan egin diren diru-bilketen bidez”.


CÁRITAS CON UCRANIA


DOHAINTZA egin

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak