Caritasel boluntarioak eskatu ditu eskola laguntzarako

  • Boluntario berriei astean bi orduko konpromisoa eskatzen zaie eta eskola-laguntza, -indargarri eta  -akonpainamendua euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko gaitasuna.

 

Gasteiz, 2021eko irailaren 29a.- Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek boluntarioak behar ditu, eskolan atzera dabiltzan umeei eta gazteei laguntzeko. “Lagundu iezaiezu etorkizunak irribarre egin diezaien” aldarrikapenaren pean, Caritasek motibazioa duten pertsonak animatu ditu beren Haurtzaro Programaren Ikasketetan Laguntzeko jarduerarekin bat egin dezaten. Gonbidapena onartzeak astean biko konpromisoa dakar, ikasketetan laguntzeko.

Boluntarioak erakartzeko Caritasen kanpaina Gasteizko Elizbarrutiaren lurralde osoan abiarazi da. Herriaren zenbait gunetan eta lurraldeko herrietan dagoeneko ikus daitezke kartelak, eta bertan jarduera gauzatuko den eremuko harremanetarako datu zehatzak ageri dira. Caritasen eskola-laguntzarako boluntario izan nahi dutenek 945 23 28 50 telefono-zenbakian (Elizbarrutiko Caritaseko zerbitzu orokorrak) eska dezakete informazioa, edo, bestela, animacion@caritasvitoria.org helbidera idatz dezakete. Datozen asteetan, Gasteizko Caritasek sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta YouTube) dituen profiletan eta bere webgunean (caritasvitoria.org) ere hedatuko da kanpaina.

Ikasten laguntzeko jarduerari buruz

Jarduera hau abiarazi zen unetik bertatik, Caritasek aintzat hartu du ikastetxeei eta erakundeei dagokiela eskolan atzera dabiltzan ikasleen zailtasunei erantzutea. Hala ere, dauden laguntzak ez dira nahikoak lurraldean dauden arazoei erantzuteko. Hori dela eta, Caritasek erabaki zuen esku hartzea eta laguntzea, bere boluntarioen bidez, adin txikikoei laguntza emateko behar besteko baliabide ekonomikorik edo senitarteko nahikorik ez duten familiei. Eta horixe da, hain zuzen ere, jardueran parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza.

Ikasketetan Laguntzeko jardueran, eskolan atzera dabiltzan baina berariazko esku-hartze profesionalik behar ez duten adin txikikoekin egiten da lan. Helburua da izaten dituzten zailtasunei erantzutea, maila teknikoan zein ohituren mailan, eta motibazio- eta hezkuntzako laguntza-prozesua osatzea, eskola-errendimendua hobetzen laguntzeko eta motibazioa galtzeari, absentismoari eta eskola‑porrotari aurrea hartzeko. Horrekin batera, prestakuntza- eta akonpainamendu-saioak egiten dira adin txikikoen familientzat, euren eremu sozio‑familiarra eta laguntza-sarea sendotze aldera.

Lan-dinamika honako hau da: ikasteko saio pertsonalizatuak, astean bi edo hiru, banaka edo talde txikietan, ahal dela ikastetxe berekoak eta klase berekoak. Jardueran parte hartzen duten boluntarioek ikasteko teknika errazak erabiltzen dituzte, besteak beste ulermenezko irakurketa, eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea eta koaderno-zirriborroa erabiltzea. Ikasketetan laguntzeko saio bakoitzean boluntarioak saiatzen dira haurra gustura eta konfiantzaz egoteko lan-giroa sortzen, jarrera ona eta errendimendu handiagoa lortzeko. Prozesuan, ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten da – bai ikastetxeetan, bai Caritasen laguntzeko saioetan –, eta aldian-aldian familiei jakinarazten zaie, haien berri izan dezaten.

Caritasen eskola-laguntzako zereginak betetzen dituzten boluntarioek gutxienez 2. mailako Lanbide Heziketako prestakuntza dute. Enpatia, ardura eta jarduera egin ahal izateko zehaztutako egutegia betetzeko konpromisoa eskatzen zaie. Programako boluntario bakoitzari hastapen- eta sakontze-ikastaroak eskaintzen zaizkio, baita lanerako orientabideak eta materiala ere.

Zenbait datu

2020an, Ikasketetan Laguntzeko jarduerak, guztira, 206 haur eta gazte artatu zituen. Guztira, 121 boluntariok eskaini zituzten euren denbora eta ezagutzak jarduera horretan laguntzeko. Orain, Haurtzaro Programa Arabako 22 ikastetxerekin ari da lanean, eta espero da ikasturtean zehar ikastetxe gehiagok bat egitea.


-AFIXA


 

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak