Caritasek konpromiso handiagoa eskatzen du etxegabeen errealitateari aurre egiteko

  • Aurten ia berrehun pertsona artatu ditugu Elizbarrutiko Caritasen bulegoetan, eta, pertsona horiek adierazi dutenez, bizileku-ezegonkortasuna pairatzen dute.
  • Datorren igandean Caritasek urteroko sentsibilizazio-kanpaina abiaraziko du pertsona zaurgarrienak baztertzen dituen gizarte-ereduari buruz gogoeta egiteko.

Inor ez etxerik gabe kanpainarekin batera, Gasteizko Caritasek Elizbarrutiaren lurraldean dagoen bizileku-bazterkeriari buruzko azterketa aurkezten du, eta, aldi berean, jakinarazten du zer erantzun ematen ari den, ahal duen neurrian, errealitate horri aurre egiteko. Horrez gain, Caritasek ahalegin eta erantzukizun handiagoak eskatzen dituzten gaietan jarri nahi du arreta, oinarrizko eskubide baten urraketari —etxebizitzarena, alegia— aurre egiteko.

Elizbarrutiko Caritasek egiaztatutako errealitatea

Gasteizko Caritasek azpimarratu nahi du etxebizitza eskuratzeko zailtasuna egiturazko arazoa dela. Lurraldean bizi diren pertsona askorentzat zaila da ostatua lortzea, baina are zailagoa da egoera okerragoan daudenentzat; Elizbarrutiko Caritasen azken txostenen arabera, askotariko arazoak dituzten errealitateak daude, eta gero eta esku-hartze konplexuagoak eskatzen dituzte. Egoera are larriagoa da aterperik ez duten emakumeen kasuan. Izan ere, bizileku-bazterkeriak ikusezintasuna dakarkie emakumeei, eta, ondorioz, zailagoa da diagnostikoa egitea eta konponbideak bilatzea.

Aurten, Caritasen bulegoek bizileku-ezegonkortasuneko 197 egoera zenbatu dituzte: etxe desegokiak, kalean bizi direnen kasuak, seguruak ez diren etxebizitzak, garbitasun eza eta abar. Hainbat nazionalitatetako pertsonak dira, besteak beste, Peru, Maroko eta Kolonbiakoak. Horrez gain, Caritasek arazo horietakoren bat zuten zazpi familia espainiar artatu ditu.

Caritaseko bulegoetan informazioa jaso denean, pertsonen/familien % 18 ez zeuden erroldatuta. Gainerakoei dagokienez, batzuek errolda bat zuten —kasu batzuetan aurretik ordaindu dute—, baina ez zetorren bat beren benetako bizitokiarekin; beste batzuek, berriz, errolda soziala zuten.

Artatutako pertsona gehienek adierazi zuten ezagunekin bizi zirela. Bizileku-ezegonkortasuna sufritzen duten pertsona guztietatik, lauk aitortu zuten etxebizitza okupatuetan zeudela.

Aipatutako 197 espedienteetatik, 75 espediente familiei dagozkie, eta gainerako 122ak, bakarrik dauden pertsonei (% 62). Azken horietatik, 44 emakumeak dira, batzuk Kolonbiakoak (horietatik zazpi guraso bakarreko familien buru dira), beste batzuk Marokoak, Perukoak… eta 77 gizonezkoak dira, gehienak Marokokoak.

Gainera, Gasteizko Caritasek Gizarte Harrerako Udal Zentroan bizi diren 20 pertsona ere artatu zituen. Bizitoki bat lortzeko aukerarik ez egoteak zuzenean eragiten die, ezin baitiote autonomia handiagoko prozesu bati ekin, gizarte-babesa alde batera utzita.

Gasteizko Caritasen esku-hartzeari buruzko datuek egiaztatzen dutenez, gora egin du kalean bizi diren pertsonen kopuruak, batez ere lehenago erakundeen babespean zeuden gazteenak. Pertsona horietako askok lonjetan edo kutxazainetan hartzen dute babesa.

Caritasek adierazi du, halaber, zaila dela bulegotik igaro zirenen egoeraren jarraipena egitea, etxebizitza bat lortzeko arazoak baitzituzten: zaila da jakitea ea beren egoera konpondu ote zuten, logela edo etxebizitza aurkitu ote zuten, beste gune edo hiri batera joan ote ziren… Caritasek ez dauka baliabide nahikorik bizileku-ezegonkortasuneko egoeran dauden pertsonekin gizarteratze-prozesuak hasteko.

Atzerriko pertsonek zailtasun gehiago dituzte

Etxebizitzarekin lotutako pobrezia- eta zaurgarritasun-errealitate horiez gain, atzerritarrei buruzko aurreiritziak hartu behar dira kontuan, baita dokumentuak erregularizatzeko oztopoak ere, bai administrazioaren eskutik, bai legediaren eskutik. Pertsona etxegabeen profila aldatu egin da, eta gero eta handiagoa da etxerik ez duten migratzaileen kopurua, bertakoekin alderatuta. Atzerritartasun-legeak hainbat muga jartzen ditu integratzeko, harrera-gizartean errotzeko eta lan-aukeretarako.

Gainera, gizarteak eta erakundeek badakite praktika oker ugari erabiltzen direla errentamendu-kontratuei eta erroldari dagokienez. Alabaina, ez dago praktika oker horiek kontrolatzeko eta zigortzeko inolako esku-hartzerik, eta horrek are gehiago murrizten ditu aterpea lortzeko aukerak.

Erakundeen erantzunaren irismena

Caritasek baieztatzen du hirian ez dagoela baliabide nahikorik bizileku-bazterkeria pairatzen duten pertsonentzat: «Aterpetxea beti egoten da erabat beteta, oso leku gutxi libratzen dira Aterpean, itxaron-zerrenda amaigabea da, eta hirira iritsi berri diren pertsonek ezin dituzte baliabide horiek eskuratu, osasun-arazoak izanda ere».

Gizarte-babeserako sistemak ez dio egoerari behar bezala aurre egiten; ondorioz, kalean bizi diren pertsonek espazio txikietan hartu behar dute ostatu. Horrelakoetan, pribatutasunik ezak eta jende-pilaketak tentsioak eta gatazkak eragiten dituzten bizikideen artean. Gainera, Caritasek nabarmendu nahi du pilaketak ongizate fisikoari zein emozionalari eragiten diola.

Elizbarrutiko Caritasen esku-hartzeak

Etxebizitzaren problematikaren konplexutasunaz jabetuta —eta, bereziki, bazterketa-egoeran dauden pertsonen kasuan—, Caritasek laguntza eta babesa ematen die hala eskatzen duten pertsonei eta familiei, gizarteratze-prozesuan aurrera egin dezaten. Etxebizitzarako eskubidea urratu egiten da, eta horrek familia askoren sufrimendua eragiten du. Horren aurrean, Caritasek azpimarratzen du ezinbestekoa dela bizilekua eta errolda izatea gizarteratze-prozesu arrakastatsu bati ekiteko: «Ulertu behar dugu etxebizitza pertsona zaurgarrienen integrazio-prozesuei laguntzen dien edo porrot eginarazten dien ondasuna dela».

Duela gutxi, Elizbarrutiko Caritasek Bizitokirako Laguntza programa jarri du martxan. Izan ere, familia ukraniarren harrerarako Elizbarrutiko Mahaiak konponbide bat proposatu zuen gerratik ihesi Gasteizera iritsitako pertsona horiek gotzaintzak eskainitako etxebizitzetan hartzeko. Bada, aipatutako programa hasierako erantzun horren zehaztapena da. Gaur egun, hamar familiatako hogeita zortzi lagun daude programaren babespean, eta bizi diren parrokietako edo eremuetako kristau-elkarteek inklusio-prozesuetan laguntzen diete.

Zenbait proposamen

Caritasek adierazi nahi du kezkatuta dagoela bizileku-bazterkeria nolabait normalizatzen ari delako, ongizate-ereduak gaitasun mugatua baitu errealitate deseroso eta oso konplexuei aurre egiteko. «Ez dirudi konpromiso eredugarririk hartzen ari direnik errealitate latz hori sakon aztertzeko eta etxerik gabeko pertsonei itxaropena emango dien prozesu bat eskaintzeko».

Hori dela eta, Caritasek dei egiten du lurraldeko bizileku-bazterkeriaren errealitateari sakon eta konpromisoz heltzeko, etxebizitza eskuratzeko aukerak emango dituzten lan-ildoak diseinatzeko borondatearekin, eta, horrekin batera, benetako integrazio-prozesua abiatzeko aukerekin. Horrez gain, Caritasek uste du ezinbestekoa dela ahaleginak egitea gizarteari arazo horren larritasuna ulertarazteko.

Inor ez etxerik gabe kanpaina 2024.- Caritasen konfederazio osoak kanpaina bat abiaraziko du datorren igandean, hilaren 27an. Kanpaina horretako protagonista Santiago da, kalean bizi den berrogeita hamabi urteko gizon bat, eta harengan jarriko dute arreta mezu garrantzitsu guztiek: Santiago bidea luzea da eta oztopoz beteta dago. Egin dezagun aurrera elkarrekin. Kanpaina horren bidez, Caritasek gonbidapena luzatu nahi du etxerik gabeko pertsonekin egingo den topaketan parte hartzera, zer sentitzen eta pentsatzen duten adieraz dezaten, baita zer behar duten ere, sentsibilizazio-kanpainarako materialak prestatzeko egin zen bezala (eskuragarri daude caritasvitoria.org webgunean). Kanpainak dei egiten du «bakardadearen eta ulertezintasunaren aztarnak uzten dituen bideaz jabetu gaitezen, uler dezagun hautsitako bizitzen istorioak daramatzala, oinazeak eta itxaropen ezak jotako bizitzenak».

2024/25 kanpaina instituzionalaren leloari jarraituz, «Caritasek topaleku bat eskaini nahi die indarrik gabe, galduta eta noraezean sentitzen diren pertsona guztiei, gertutasunetik eta itxaropenetik bizimodu hobe baterako bidea lagunartean eskaintzeko. Behar gaituzun lekuan, itxaropenerako bidea zabaltzen dugu».


CAMPAÑA NADIE SIN HOGAR 2024 – Materiales de sensibilización


Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak