-
- Gizarte-arrakala gero eta handiagoa da, eta bazterketa-arriskuan dauden familiek gero eta arazo konplexuagoei aurre egin behar diete gure inguruan.
- Bizitokia izatea eta erroldatuta egotea eskubideak eskuratzeko baldintzak diren aldetik, eskubideak urratu egiten dira, eta oraindik ere ez du behar adinako konpromisorik erakundeen aldetik.
Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen 2023ko MEMORIA
2023ko jardueraren datuen bilketa eta balorazioa ixtean, Caritasek egiaztatu du desberdintasuna handitzen ari dela gure lurraldean. Ekonomiaren eta enplegu-indizeen susperraldia ez da zuzen islatzen; gaizki zeuden familiek gaizki jarraitzen dute, eta urrun daude erabat gizarteratutzat jotzen den populazioaren zati handi batek duen ongizate-egoeratik, eta ez dituzte, populazio horrek bezala, behar guztiak beteta. Caritasen esku-hartze sozialaren txostenean azpimarratzekoa da aurreko urtean berriz laguntza eskatu zuten zenbait familiaren gizarteratze-prozesuak prekarioak direla ikustea. Etxebizitza eskuratzeko edo etxebizitza mantentzeko zailtasuna eta erosketa-saskia eta premiazko ondasunak garestitu izana –hala nola arropa– izan ziren Caritasen bulegoetan planteatutako arazo nagusiak.
DATUAK
2023an, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek 5032 familia artatu zituen guztira (2022an, 5153 artatu zituen). Datu horrek lurraldeko pobreziaren errealitatea kuantitatiboki hobetu dela adierazten duen arren, bulegoetan planteatutako egoerak aztertuz gero, ikus daiteke bazterketa-egoeran dauden familiek konplexutasun handiagoko egoerei aurre egin behar dietela. Diagnosi-ahalegin handiagoa eskatzen dute; adibidez, Caritasek eskain ditzakeen erantzunez gain, dauden beste baliabide batzuetara bideratzea, bai eta Caritasek artatzen dituen pertsonei erakundeen aurrean beren eskubideak baliarazten laguntzea ere; izan ere, hori oso lan garrantzitsua da, erakundeek baitute sisteman dauden hausturei eta gizarte-arrakalari aurre egiteko erantzukizuna. Ildo horretatik, Caritasen programen buru diren boluntarioek harrera eta errefortzu pertsonaleko funtsezko lana egiten dute, askotan abaildurak eta etsipenak markatutako prozesuetan.
Caritasek familiei laguntzeko egiten dituen esku-hartzeak haiek izaten dituzten arazoak eta eskakizunak bezain askotarikoak izan ohi dira: etxebizitza, prestazio ekonomikoak, osasuna, hezkuntza, izapide administratiboak, entzutea, aholkularitza, bitartekaritza egoitza- eta familia-gatazketan…
FOESSA fundazioaren kalkuluak aplikatuz, Caritasen laguntza 12.580 pertsonari iritsi zitzaien gutxi gorabehera. Haiekin 26.229 elkarrizketa izan ziren guztira, eta 20.345 erantzun eman ziren (2022an, 20.454), erantzun horietatik 1933 ekonomikoak izan ziren: guztira, 661.766 euro (2022an, 812.614,33 euro).
Soslaia. Elizbarrutiko Caritasek 2023an artatutako pertsonen %65,3 emakumeak izan ziren (2022an, %66), eta familien %75 atzerritarrak ziren (2022an, %76). %42k lehen aldiz jo zuten Caritasera. Artatutako familien %40k seme-alabak dituzte (2022an, %42,5ek); ehuneko horretatik %14 guraso bakarreko familiak dira (2022an, %15), eta %36, berriz, pertsona bakarreko etxeak dira.
%37 langabezian zeuden (2022an, %41). %31ek ez zuten ez bizileku-baimenik ez lan egiteko baimenik (2022an, %27,3k). Paperei dagokienez, bere horretan dirau Atzerritarren Bulegoarekin hitzordua lortzeko zailtasunak; hitzordu horrek nazioarteko babes-prozesuak hasteko bidea emango luke. Oztopo horri gehitu behar zaio Estatuan nazioarteko asilo- eta babes-programen inguruan dagoen saturazioa, kasuistika areagotu egin baita.
Etxebizitza. Caritasek bere txostenean nabarmentzen du bizitokia eskuratzeko zailtasuna azpimarratu behar dela; zailtasun hori arrazoi hauengatik izan ohi da: alokairu garestiak, prezioen baldintza lorrezinak, merkatu beltza eta «mafiak». Arrazoi horiek direla eta, bizitzeko lekua lortzeak edo mantentzeak sufrimendu handia eragin ohi die familia eta pertsona askori.
Arazo horri dagokionez, halaber, Caritas kezkatuta dago gero eta jende gehiago bizitzen jartzen ari delako seguruak ez diren tokietan (lokaletan, trastelekuetan…); pixkanaka errolda soziala dutenen kopurua igotzen ari da, eta horrek, alde batetik, egoera zehatz hori arintzen du, baina, bestetik, zaurgarritasun handiko egoerak kroniko bihurtzeko arriskua dakar. 2023an egindako jarduerari buruzko txostenaren aurkezpenean, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek ohartarazi du, halaber, kalean bizi direnen kopurua handitu egin dela, eta ez udal-aterpetxeak, ez Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak ez diete behar bezalako erantzuna ematen. Egoera hori bereziki kezkagarria da Neguko Ostatu Zerbitzua eguraldi oso txarreko egunetan bakarrik aktibatzen delako. Bestalde, euskal etxebizitza-sistemak babes ofizialeko etxebizitza gutxi esleitzeak ez du egoera hobetzen laguntzen. Erakunde katolikoak dio, halaber, horniduren prezioa handitzearen ondorioz familiak kontsumoa murriztera behartuta daudela, eta horrek nabarmen eragiten diela haien ongizateari.
PROGRAMAK
Enplegua. Caritasek gizarteratu eta laneratzeko egindako lanari dagokionez, 191 pertsonak hartu zuten parte lantegi okupazional eta lanaurrekoetan. Laneratzeko atalari dagokionez, 2023. urtean, lan mundura sartzeko 50 kontratu egin ziren: 7, Berjantzi S. Coop.-en; 35, Giltza Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, eta 8, Lanagro Servicios enpresan. Lanagro enpresak lehen sektoreko langileak gaitu eta laneratzen ditu, eta, aldi berean, zerbitzuak ematen dizkie Arabako Errioxako nekazaritza-enpresei. Lanagrok urtea bete berri du, eta Arabako Foru Aldundiak ematen duen Gizarte Berrikuntzako saria jaso zuen urte hasieran.
Lan Bila enplegu-agentziak 893 enplegu-eskatzaile artatu zituen (2022an, 925), eta horietatik %75 emakumeak ziren. Lan-bitartekaritzaren zerbitzuak 318 eskaintza kudeatu zituen (2022an, 348). Kudeatutako eskari guztietatik 191 bete ziren (2022an, 240): 119 etxe-zerbitzukoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzekoak ziren (2022an, 170); gainerako 72 eskaerak beste sektore batzuetarako izan ziren (2022an, 70). Bestalde, 2023an, Lan Bila enplegu-agentziak 21 errotze-kontratu izapidetu zituen, eta horietatik 18 onartu ziren.
Caritasek, enpleguari buruz dituen datuak kontuan hartuta, azpimarratu egiten du oraindik ere lan munduan sartzea zaila dela eta kontratuak prekarioak direla. Lana izan arren hil bukaerara iristeko arazoak dituzten pertsonak gero eta gehiago dira. Gainera, lan-merkatu «beltza» edo lan irregularra egiten dena gero eta handiagoa da, eta merkatu horretan –adibidez, etxeko zerbitzuen sektorean– batez ere Hego Amerikako emakumeak sartzen dira. Emakume horiek zailtasunak dituzte beren lana zainketekin bateratzeko, ez baitute aukerarik adingabeei edo mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko espazio edo baliabideetara iristeko. Bestalde, legeak ezartzen dituen baldintzengatik, oso zaila da oraindik ere aurrekontratuak lortzea errotze-prozedurak hasteko.
Prestakuntza. Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek 720 prestakuntza-erantzun eman zituen iaz. Oinarrizko prestakuntza-mailan, 167 pertsona joan ziren alfabetatze-ikastaroetara eta 7 nazionalitate-ikastaroetara. Atariko prestakuntzan, gaitasun profesionalak lortzeari begira egiten dena, 224 plaza eskaini ziren (lantegiak, merkataritza, informatika…); multzo horretan bi ikastaro nabarmendu behar dira –Ostalaritza eta garbiketa, eta Makinen eta mahastien mantentze-lanak—, 23 plazarekin. Arabako Errioxan eskaini ziren, Caritasek eremu horretan prestakuntza jasotzeko hartu duen konpromisoaren barruan. Gaitasunak eskuratzeari dagokionez, 48 pertsona trebatu ziren hizkuntzan eta matematikan, eta 24 etxeko enpleguko profesionaltasun-ziurtagirietan. Azkenik, prestakuntzarako orientazio-zerbitzuak 250 pertsonari lagundu zien curriculuma diseinatzen.
Caritasek, bere Prestakuntza Programako datu horiei dagokienez, adierazten du prestakuntzarako errotzearen bidez administratiboki erregularizatzeko aukerak –2023an indarrean egon zen pertsona guztientzat, haien dokumentu-egoera edozein izanik ere– ikastaro-eskaera handia eragin zuela helburu horretarako. Azpimarratu beharreko beste kontu bat 16 eta 18 urte bitarteko pertsonena da; izan ere, derrigorrezko eskolatze-adinaren barruan ez daudenez, ikastetxe arautuetan baztertu egiten dituzte. Caritas prestakuntza-linbo horri erantzuteko aukerak aztertzen ari da.
Haurrak. Guztira 299 haur eta nerabek parte hartu zuten 2023an Haurren Programako eskola-laguntzako jardueran, 37 ikastetxerekin koordinatuta. Programak, gainera, iaz 6 prestakuntza- eta laguntza-eskola antolatu zituen familientzat.
Emakumeak. Iaz 323 pertsonak parte hartu zuten Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen Emakumeen Programan. Hauek izan ziren egindako jardueretako batzuk: indarkeria matxistak prebenitu eta atzemateko lantegiak, martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko salaketa- eta aldarrikapen-topaketak eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko topaguneak, prestakuntza, parte-hartzea eta sentsibilizazioa.
Adinekoak. Adinekoen Programak 880 pertsona dinamizatu zituen 2023an, adinekoei laguntzeko eta sustapen pertsonala eta komunitarioa egiteko dauden 13 taldeetan –9 Gasteizen eta 4 landa-eremuan–.
Bizitokirako laguntza. Egoera zaurgarrian dauden 10 familia (28 pertsona) hartu zituen programak, eta, hala, haiek zuten etxebizitza-beharrari erantzun zitzaion denbora jakin baterako.
BESTE DATU GARRANTZITSU BATZUK
2023an, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen gastua 3.094.706,17 € izan zen (2022an, 3.411.668,35 €). Esku-hartze sozialerako erabilitako zenbatekoa 1.271.826,76 € izan zen (2022an, 1.337.981,21 €); enplegu-programetan 908.955,93 € inbertitu ziren (2022an, 982.429,67 €) eta programa-animazioan 288.774,04 € (2022an, 255.262,22 €).
Elizbarrutiko Caritasek diru-sarrera gutxiago izan zituen 2023an: 3.058.188,92 € (2022an, 3.359.440,99 €). Dohaintzak gutxitu egin ziren 2022. urtearekin alderatuta: 579.669,50 € (2022an, 654.927,55 €), bai eta erakundeek emandako dirulaguntzak ere: 750.037,51 € (2022an, 819.163,59 €). Bazkideen kuotak handitu egin ziren, eta 407.545,46 €-ra iritsi ziren (2022an, 391.877,44 €); parrokietako bilketak ere zertxobait igo ziren: 392.764,43 € (2022an, 391.877,44 €). Bestalde, larrialdi-kanpainetarako ekarpenetan 189.480,57 € bildu ziren (2022an, 395.797,85 €). Ekitaldiaren balantzeak datu hobeak ematen baditu ere, Caritasek 36.517,25 euroko defizitarekin itxi zuen ekitaldia (2022an, –52.227,36 €).
Iaz, 1260 bazkideren laguntza izan zuen Caritasek (2022an, 1303), eta haien aldizkako kuotek eusten diote jardueraren zati handi bati. 2023an, Caritasen ekintza 627 boluntariok bultzatu eta dinamizatu zuten (2022an, 728).
Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen 2023ko MEMORIA (argitalpena)
Euskadiko Caritasen memoriaren prentsa-oharra
https://youtu.be/3U7zWOwooAk