- Landa Ingurunearen Mundu Egunean, Arabako landa-ingurunean lan egiten dugun erakundeok –ACOA, Cáritas, Arabako Herri Kristau Taldea, Gure Soroa eta UAGA– berriro elkartzea eta, jaiaren bitartez, elkarbizitza berreskuratzea nahi dugu.
Maiatzaren 15ean, Landa Munduaren Egunean, gure eguna ospatzen dugu Arabako herriok. Pandemiak markatutako bi urteren ondoren, 2022an egun berezi horren muinera itzuli nahi dugu, ospakizuna berreskuratuz, berriro elkartuz eta gure herrien elementu nagusiena den lehenengo sektoreari balioa emanez.
Berriro ospatuko dugu jaia. Kanpai-jotze tradizionalaz gain, herri guztiak gonbidatu nahi ditugu hamaiketakoa egitera, non bakoitzak zerbait eramango duen topaketarako: musika, tokiko jaki-produktuak, jolasak…
Herria eginez leloarekin, egun horrek aro berri baten hasiera marka dezan lortu nahi dugu, berriro elkar gaitezen, elkarbizitza berreskura dezagun eta landa-ingurunean bizi garenok elkarrekin parteka dezagun.
Gure herrien alde elkarrekin lanean jarraitzea nahi dugu, gure ingurunea eta pertsonen arteko harremanak zainduz. Kidetza- eta komunitate-sentimendua sortu nahi ditugu, herrietan betidanik bizi garenon zein bizilagun berrien artean. Uste dugu guztiok dugula, elkarrengandik ezberdinak izan arren, emateko asko, eta errespetuak, enpatiak eta elkar ezagutzeak hobetu egin dezaketela guztion arteko elkarbizitza. Heskai eta hesi gutxiago eta denon onerako lana berreskuratzeko auzolan gehiago behar dugu.
Lehenengo sektorerik gabe, ezinezkoa izango litzateke herria egitea. Nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten dutenek ekonomia sortzen dute eta bizitza ematen diote gure landa-inguruneari. Beharrezkoa da haien lana aintzatestea, gaur inoiz baino gehiago, ekoizpen-kostuen igoera ustiategiak arriskuan jartzen ari baita.
Gure natura-ingurunea zaindu gabe ere ezinezkoa litzateke herria egitea. Azpiegituraedo energia-proiektu handiek gure espazioa erabili nahi dute, gure lurra eta, askotan, ahaztu egiten dira landa-inguruneari zerbitzuak eskaintzeaz. Gizarteak aurrera egin beharra du, baina inor bazterrean utzi gabe. Herriak gizarte honen parte dira, eta natura-ingurunea ezinbestekoa da guztiontzako etorkizuna ziurtatzeko.
Herri egiten jarraituko dugu, berezkoa baitugu, eta ziur baikaude, ziurgabetasun-garai hauetan, txikiak iruditzen zaizkigun jarduerek gizarte osorako aurrerapenak ekar ditzaketela.