👉🏽Irakurri gure BLOGean, Berjantziren hamargarren urteurrenaren ospakizunak nola izan zen.



Caritas gizarteratze-enpresak hamarkada bat bete du 2022an lan-munduan txertatzeko aukerak eskaintzen

Oroitzapenezko ekitaldia azaroaren 30ean izango da, 19:00etan, Gasteizko Azoka plazan

Gasteizen, 2022ko azaroaren 28an.-  Datorren asteazkenean, Caritasek Berjantzi kooperatiba sortu zeneko hamargarren urtemuga partekatuko du herritarrekin. Gizarteratze-enpresa horri esker, bere lantegi okupazional eta prelaboraletan trebatutako pertsonek urrats bat gehiago egin dute gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko ibilbidean, Caritasen laguntzarekin.

Berjantziren urtemuga bat dator Gasteiz hiriburu berde izendatu izanaren hamargarren urteurrenarekin. Gasteizek ingurumena zaintzeko apustua egin du, eta bat dator Caritasen ehunak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prozesuarekin. Espazio horretan gauzatzen dira Berjantziren gizarteratze-kontratuak, hain zuzen ere, Koopera Store dendetan.

Caritasek, gainera, Frantzisko aita santuak Etxe Komunaren zaintzari buruzko Laudato si (2015) entziklikan emandako mezu iradokitzailearen barruan sartu nahi izan du ospakizun hori. Honako hau eskatzen du mezuan: «Benetako planteamendu ekologikoa gizarte-planteamendu bihurtzen da beti, inguruneari buruzko eztabaidetan justizia txertatu behar duena, bai lurraren aldarria bai pobreen aldarria entzuteko» (49). Ildo horretan, Berjantzi barne hartzen duen ehuna berreskuratzeko proiektuaren bidez, Caritas konprometituta dago 2030erako garapen jasangarrirako hamazazpi helburuetako hainbatekin; hain zuzen ere, GJH 1 (pobrezia desagerraraztea), 8 (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), 10 (desberdintasunak murriztea), 11 (hiri eta komunitate jasangarriak), 13 (klimaren aldeko ekintza) eta 15 (lehorreko ekosistemetako bizitza).

Berjantzik hamar urte hauetan eman duena gasteiztarrei kontatzeko asmoz, Caritasek ekitaldi xume bat antolatu du. Ekitaldian, besteak beste, Berjantzik lan-merkatuan sartzeko kontratatu ondoren lan-merkatu normalizatuan jarduteko aukera izan duten pertsona batzuen hitzak entzuteko aukera izango da. Gizarteratze-enpresa sortzea eragin zuen proiektuaren zentzua laburtzeko,  Gasteizko La Omega rap-kantari gasteiztarraren laguntza izango du Caritasek. Ekitaldirako kantu bat konposatu du.

Ekitaldiaren aurretik

Ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasiko den arren, arratsaldeko seietatik aurrera, ekitaldirako erabiliko den Azoka plazako bigarren solairuko galeriak ateak irekiko ditu, Koopera Store dendak urtemugarako prestatzen ari diren arropa-erakusketa eta -salmenta gunea bisitatu nahi duten guztientzat. Han bertan, halaber, kaiola-edukiontzi bat egongo da berrerabiltzera edo birziklatzera bideratutako arropak emateko eta, horrela, Koopera gizarte- eta ingurumen-berrikuntzako proiektuari eusten laguntzeko, Moda re-* proiektuaren babespean.

10. urteurreneko sustapena

Berjantziren hamargarren urteurrena dela eta, Gasteizko lau Koopera Store dendek —Posta kalea, 31, Saez de Quejanatarren kalea z.g., Foru kalea, 3 eta Simon de Anda kalea, 7— % 30, % 40 eta % 50eko deskontuak eskainiko dituzte azaroaren 28an, 29an eta 30ean.


*Moda Re- Espainiako Caritasen gizarte-proiektua da, eta ehun-gaien bilketa, berrerabilera, birziklatzeko prestaketa, dohaintza eta salmenta kudeatzen ditu. Ekonomia zirkularraren ikuspegitik, Moda Re- honako helburu hauek lortzeko ari da lanean: enplegu soziala sortzea, ehunak berreskuratu eta birziklatzeko prozesuen kudeaketa eraginkorra eta autosufizientzia ekonomikoa.

Proiektu horretan, Espainiako 44 Elizbarrutiko Caritasen dohaintza-arropa berrerabiltzeko eta birziklatzeko ekimenak biltzen dira. Urtero, 80.000 pertsonak baino gehiagok erosten dute lehen aldiz bigarren eskuko arropa. Azken 12 hilabeteetan, salmentek % 15 baino gehiago egin dute gora. Moda Re- dendetan —Koopera Store, EAEn— dohaintzan emandako arroparen salmentetatik jasotako dirua proiektuan inbertitzen da, horren jarraipena bermatzeko.



Noticia relacionada: Uno de cada tres nuevos clientes de Moda Re- es menor de 35 años

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak