Caritasek boluntarioak eskatu ditu eskola laguntzara

  • Boluntario berriei astean bi orduko konpromisoa eskatzen zaie, eta eskola-laguntza, eskola-indargarria eta eskola-akonpainamendua euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko gaitasuna.

 

Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek boluntarioak behar ditu, eskolan atzera dabiltzan umeei eta gazteei laguntzeko. “Dakizuna partekatu” leloarekin, Caritasek, bigarren urtez jarraian, bere Haurtzaro Programako eskola-laguntzarako jarduerarekin bat egitera animatu nahi ditu boluntarioak. Horretarako konpromisoa hartzen duenak astean bi ordu eman beharko ditu ikasten laguntzen, euskaraz eta/edo gaztelaniaz, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan.Boluntarioak erakartzeko Caritasen kanpaina Gasteizko Elizbarruti osoan abiarazi da. Hiriko zenbait gunetan eta lurraldeko herrietan dagoeneko ikus daitezke kartelak, eta bertan ageri dira jarduera horretarako harremanetan jartzeko datu zehatzak. Caritasen eskola-laguntzarako boluntario izan nahi dutenek 945 23 28 50 telefono-zenbakian (Elizbarrutiko Caritaseko zerbitzu orokorrak) eska dezakete informazioa, edo, bestela, animacion@caritasvitoria.org helbidera idatz dezakete. Datozen asteetan, Gasteizko Caritasek sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta YouTube) dituen profiletan eta bere webgunean (caritasvitoria.org) ere hedatuko du kanpaina.

Ikasten laguntzeko jarduerari buruzCaritasek Haurtzaro Programako boluntarioen bidez ematen duen eskola-laguntzak eskolaz kanpoko baliabide bat eskaintzen die horren kostua beren gain hartu ezin duten familiei. Hori da, hain zuzen ere, ezinbesteko baldintza, haurrek eta nerabeek jarduera horretan parte hartzeko eta ikasketetan hobetzen lagunduko dien errefortzu hori lortzeko.

Ikasketetan Laguntzeko jardueran, eskolan atzera dabiltzan baina berariazko esku-hartze profesionalik behar ez duten adin txikikoekin egiten da lan. Helburua da izaten dituzten zailtasunei erantzutea, maila teknikoan eta ohituretan, eta motibazio- eta hezkuntzako laguntza-prozesua osatzea, bai eskola-errendimendua hobetzen laguntzeko eta bai motibazioa galtzea, absentismoa eta eskola‑porrota prebenitzeko. Horrekin batera, prestakuntza- eta akonpainamendu-saioak egiten dira adin txikikoen familientzat, haien eremu sozio‑familiarra eta laguntza-sarea sendotze aldera.

Lan-dinamika honako hau da: ikasteko saio pertsonalizatuak, astean bi edo hiru, banaka edo talde txikietan, ahal dela ikastetxe berekoak eta ikasgela berekoak. Jardueran parte hartzen duten boluntarioek ikasteko teknika errazak erabiltzen dituzte, besteak beste ulermenezko irakurketa, eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea eta koaderno-zirriborroa erabiltzea. Ikasketetan laguntzeko saio bakoitzean boluntarioak saiatzen dira haurra gustura eta konfiantzaz egoteko lan-giroa sortzen, jarrera ona eta errendimendu handiagoa lortzeko. Prozesuan, ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten da bai ikastetxeetan, bai Caritasen laguntzeko saioetan. Familiei aldizka ematen zaie ikasten laguntzeko prozesuan sor daitezkeen aurrerapenen edo zailtasunen berri.

Caritasen eskola-laguntzako zereginak betetzen dituzten boluntarioek gutxienez 2. mailako Lanbide Heziketako prestakuntza dute. Lan horretarako behar diren trebetasunen artean enpatia eta erantzukizuna daude; gainera, funtsezkoa da boluntarioak konpromisoa hartzea jarduera garatzeko finkatutako egutegiarekin. Programako boluntario bakoitzari hastapen- eta sakontze-ikastaroak eskaintzen zaizkio, baita lanerako orientabideak eta materiala ere.

Zenbait datu

2021ean, Ikasketetan Laguntzeko jarduerak, guztira, 244 haur eta gazte artatu zituen (2020an, 206). Guztira, 129 boluntariok (2020an, 121ek) eskaini zituzten beren denbora eta ezagutzak jarduera horretan laguntzeko. Orain, Haurtzaro Programa Arabako 32 ikastetxerekin ari da lanean (2020an, 22rekin), eta espero da ikasturtean zehar ikastetxe gehiagok bat egitea programarekin.


AFIXA

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak