Cáritas Euskadiren eta Aurten Bairen arteko hitzarmena, migratzaileei euskara ikasteko

Gaur, apirilak 28, Caritas Euskadik eta Aurten bai Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute migratzaileei eta baliabiderik ez duten edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei euskara ikastea errazteko. Sinaduran izan dira, Carlos Bargos, Caritas Euskadiko presidentea, eta Mikel Etxebarria, Aurten Bai Fundazioko presidentea.

Gizarte-bazterketako egoeran dauden biztanleek bizi duten errealitate konplexuaren aurrean, egoera horiek gainditzeko lurraldean diharduten eragileen arteko laguntza koordinatuak inpaktu handiagoa lor dezake.

Caritas Euskadik pertsonen eta komunitatearen garapen integrala sustatzen du, pobrezia- eta bazterkeria-errealitateei arreta berezia eskainiz. Laguntza integral horren barruan, alfabetatze proiektuak eskaintzen ditu lagundutako pertsonek egin dezaketen ibilbidean.

Zornotzako Barnetegia kudeatzen duen Aurten Bai Fundazioak, Caritasen lana ondo ezagutzen duenak, ekintza horretatik eratorriko ikasleak hartzeko konpromisoa hartu du. Zornotzako Barnetegian ikasleek ikastaro osoak egingo dituzte, ahal dela pentsio osoko erregimenean.

Hitzarmena sinatzen duten bi erakundeek bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako euskara sustatzeko konpromisoa hartze dute. Bien ustez, herritar migratzaileei eta baliabiderik ez duten edo bazterketa-arriskuan dauden herritarrei ikaskuntza erraztea ekintza positiboa baita gizarte-kohesiorako eta integraziorako, batez ere, bi hizkuntza ofizial dituen Euskadi bezalako komunitatean integratzeko.

Hitzarmen horri esker, urtean 24 pertsonak izango dute neguko ikastaroak egiteko aukera (urritik ekainera, biak barne), eta beste 8k udako ikastaroetan egin ahal izango dituzte (uztailetik irailera, biak barne).


Udako ikastaroak 2022


­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­Aurten Bai euskal kultura eta hizkuntza sustatzea eta hedatzea helburu duen Kultura Fundazio Pribatua da, eta teknologia berrietan oinarritutako materialen garapenari arreta berezia eskaintzen die. Horrez gain, Fundazioak, Zornotzako Barnetegia kudeatzen du. Zentroa euskara ikasteko helduen barnetegia da (16 urtetik gorakoentzat). Bertan bi ostatu-aukera daude, bata barne-erregimenean, eta bestea kanpo-erregimenean. Eskaintzen dituen ikastaroak, hilekoak dira neguan, eta hamabi egunekoak udan.

Caritas Euskadi, Euskal Autonomia Erkidegoko Caritas da. Hiru lurraldeetako elizbarrutiko Caritasen bitartez, gure gizartean premia gehien duten pertsonekin lan egiten du, hainbat programaren bidez pertsona horiek sustatzeko. Gure erkidegoko gizarte-bazterketaren arazoa gero eta nabarmenagoa den errealitatearen aurrean, Caritasek, Administrazio Publikoekin eta beste erakunde batzuekin batera, arazoa horri aurre egiten laguntzen du.

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak