Caritasek 5.488 familia artatu zituen 2020. urtean

  • COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, oso zaila da lurralde honetako pobreziaren azterketa egitea. Caritasek, iaz, pertsona eta familia zaurgarrienen eskaerei erantzun zien, osasun-larrialdiak eragindako ziurgabetasunak baldintzatutako egoeran.
  • Erlazio-pobreziak eta eten digitalak mugatu egiten dute gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen etorkizuna.
  • Karitate Egunaren ospakizunaren harira, Caritasek #Seamos más pueblo #Herrikide kanpaina aurkeztu, eta balioa eman die komunitate txikien arteko erlazio-ereduari eta elkar zaintzeko ereduari.

Gasteiz, 2021eko ekainak 4.- Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek guztira 5.488 familia artatu zituen 2020. urtean, Gasteizko Elizbarrutiko lurraldean. FOESSA Fundazioaren kalkuluen arabera, iaz Gasteizko Caritasen laguntza 16.400 pertsonari iritsi zitzaien, gutxi gorabehera. Osasun-larrialdiak eragindako egoeraren ondorioz, zaila da pobreziaren azterketa egitea. Dena den, Elizbarrutiko Caritasen datuek erakusten dutenez, pobreen %64 emakumeak dira. 2020an Caritasen laguntza jaso duten pertsonen %46 langabezian daude, eta artatutako familien %21 espainiarrak dira.

Urteko memoriaren txostenean adierazita dago guztira 10.694 elkarrizketa egin zirela Caritasen sareko bulegoetan, eta elkarrizketa horietan oinarrituta, era askotako 11.811 erantzun eman zirela. Laguntzetatik, 1.309 ekonomikoak izan ziren, eta horietatik, 405 oinarrizko beharrak premiaz betetzeko izan ziren. Laguntza horietarako 98.359,98 € erabili ziren.

Bestalde, 2020. urtean, 836 pertsonak Prestakuntza Sailak bultzatutako zenbait ikastarotan parte hartu zuten. Haietatik, 392k gaztelania ikastearekin loturiko eskolatan edo jardueratan hartu zuten parte; 238k Emakumeak Prestatzeko eta Sustatzeko eskoletan hartu zuten parte; eta 206 haurrek edo nerabek eskola-laguntzako saiotan hartu zuten parte.

Programen arabera, lanbide-tailerrek 217 prestakuntza-beka eman zituzten; beste 93 beka lan-aurreko tailerretan lanerako prestakuntza jasotzeko bekak izan ziren. Laneratzeko sailari dagokionez, 2020. urtean, 18 laneratze-kontratu egin ziren: 1, baratzeei buruzko nekazaritza-prestakuntzako programan; 4, Berjantzi kooperatiban; eta beste 13, Giltza Fundazioarekin hitzartutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

Lan Bila Enplegu Agentziak 864 lan-eskatzaile artatu zituen. Lan-bitartekaritzako zerbitzuak 254 eskaintza kudeatu zituen. Gestionatutako eskaintza guztietatik 224 bete ziren: 198 etxeko zerbitzuko lanak eta/edo mendeko pertsonak zaintzeko lanak ziren; beste 26 eskaintza beste sektore batzuetakoak ziren.

 

Beste datu garrantzitsu batzuk:

  1. urtean, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen gastua 2.410.416,85 €-koa izan zen. Ekintza sozialera bideratutako kopurua 861.893,66 €-koa izan zen, laneratze-arloan 863.952,79 € inbertitu ziren, eta programen animazioan, 241.983,00 €.

Diru-sarrerak 2.711.753,56 €-koak izan ziren. Bazkideen kuotak 405.240,27 €-koak izan ziren; diru-bilketak, 55.324,37 €-koak; dohainak, 862.452,68 €-koak; eta erakunde publikoetatik jasotako dirulaguntzak, 576.912,20 €-koak. Larrialdi-kanpainetara bideratutako kopurua 27.588,00 €-koa izan zen.

Iaz, 1.383 bazkideren kuotei eta bestelako emaile puntualen ekarpenei esker aurre egin ahal izan zitzaien Gasteizko Caritasen ekintza askori. 2020. urtean, Caritasen ekintzak 859 boluntarioren laguntzari esker egin ahal izan ziren. Boluntario horiek komunitateko laguntza-, sentsibilizazio- eta animazio-lanak egiten dituzte oinarrizko 36 Caritasek osatutako sarearen programen eta zerbitzuen esparruan.

 

Datuen balorazioa

Caritasen 2020ko jarduera-txosteneko datuek erakusten dutenez, jarduera aurreko urteetako jardueren antzekoa izan da, nahiz eta zailtasun handiko egoera bat bizi izan dugun. Gasteizko Caritasen memorian azaltzen diren kopuruak egoera atipiko bati dagozkio, eta egoera hori erronka handia izan da erakundearentzat, osasun-larrialdiarekin zuzenean lotutako egoera eta behar berriei erantzun egin behar izan die-eta. Konfinamendu-garaian, ohiz kanpoko ahalegina egin behar izan genuen ohiz kanpoko egoera batean. Baina derrigorrezko itxialdiko asteak igaro ondoren, “gizarte-estaldurek beren funtzioa egin, eta egoerari eutsi diote. ERTEak iritsi ziren, eta hobe litzateke bertan gelditzea. ERTEekin edo ERTErik gabe, lan ezegonkorra salatzea eta lan egokia aldarrikatzea Caritasen bide-orrian daude oraindik ere”.

Konfinamenduaren ondorengo hilabeteetan, berriro ekin zitzaion jarduerari, hori bai, zailtasunekin, koronabirusaren arriskuak inposatutako segurtasun-neurri guzti-guztiak bete behar zirelako. Jarduera jaitsi egin da zenbait programatan, halaber, adineko boluntarioek, kutsatzeko beldur direnez, pixka bat atzera egin dutelako. 2020. urtea markatu duen osasun-krisiaren beste ondorioetako bat erlazio-pobrezia izan da. Pobrezia hori kontaktu sozialari dagokionez ezarritako murrizketek eragin dute.

 

Etorkizunari begira

Koronabirusa gugana iritsi aurretik, Elizbarrutiko Caritas hasita zegoen bere jarduera berrikusten eta lurraldeko pobrezia-errealitatea aztertzen. Azkenaldian sortu diren behar berriei dagokienez, zer ekintza burutu eztabaidatzeko eta diagnostikatzeko talde-lana plan estrategiko baten esparru-proposamen batean bildu da, eta proposamen hori ekainaren 12an batzarrean eztabaidatuko da, eta hala badagokio, onartu egingo da. Eta hori guztia “bide zuzenetik aurrera egiteko; erakundeari tresna biziak eta malguak emateko, tresna horien bidez, gure lana pertsonen benetako beharretara dinamikoki egokitu dadin”.

 

#Seamosmáspueblo – #Herrikide

Asteburu honetan, parrokia-komunitateetan Karitate Eguna ospatuko dute. Corpus Christi-ren ospakizunaren harira, Caritasek erakundearen urteko kanpaina aurkeztuko du. Aurten dei egiten dugu herrikideak izan gaitezen; balioa eman behar diegu elkar zaintzen duten eta elkarri laguntzen dioten komunitate txikien bertuteei: “Pandemiak argi eta garbi erakutsi digu zer den zaurgarritasuna, eta elkarren behar handia dugula aurrera egiteko. Bakardade, isolamendu eta deslotura pertsonal eta sozialeko egoerak bizitzeko arrisku larrian gaude. Horregatik, hauxe proposatzen du Caritasek: #SEAMOSMÁSPUEBLO #HERRIKIDE“.Asteburu honetako meza guztietako diru-bilketak Caritasen beharrei laguntzeko izango dira.

Nota de prensa

Cáritas Euskadi – Prentsa oharra/nota de prensa

Print Friendly, PDF & Email

Utzi iruzkin bat

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Erlazionatutako postak